Xabier Castrillonek gaur aurkeztu du 'Arrauna ezagutzeko kronika 2003-2017' liburua.
Xabier Castrillon eta Nikolas Aldai, liburuaren aurkezpenean.
Atzera begiratzea asko maite du arraun munduak. Balioa handia dute iraganak eta historiak. Estropada eremu honetan edo beste hartan marka zeinek duen, zenbat liga, zenbat bandera, zein eskifaiarekin, zein urtean, eta zer esanik ez Kontxari buruzko denak. Bada horiek guztiak eta beste asko bildu ditu Xabier Castrillonek gaur goizean Donostiako bibliotekan aurkeztu duen liburuan.
Arrauna ezagutzeko kronika 2003-2017 denboraldiak izenburupean Xabier Castrillon ‘Kastri’-k, Traineru Kluben Elkartearen (TKE) ligako emaitzak, txapelketetakoak (Gipuzkoakoak, Euskadikoak eta Espainiakoak) eta Kontxakoak bildu ditu. Eta horiez gain, bitxikeriak, estatistika, pasadizoak… lan bikaina, eta bide batez, oso erabilgarria, besteak beste, kazetarientzat, Castrillonek berak azaldu duenez, informazio asko dagoen arren, orain artean ez delako egin “lan egituratu bat” guztia biltzeko.
Aurkezpenean, egilearen ondoan, Nikolas Aldai egon da, Osertz eta Manex Aldai arraunlarien aita, kazetari ohi eta arraun zalea, eta han izan da, baita ere, Julen Castrillon, Xabier Castrillonen seme eta Hondarribiko arraunlari ohia. Aldaik esan duenez, “kromatismo dotoreko koadroa” osatu du Castrillonen liburuan eta kontakizunean “arraunaren pultsua eta arnasa” suma daitekeela baietsi du.
Handituz joan den lana
Castrillonek jakinarazi duenez, 2015. urteko kronika idaztea izan zen bere hasierako asmoa, urte hartan “Hondarribiak bere historia osoko urterik onena” egin zuelako. 217 punturekin, Ligan puntuen marka egin zuen Hondarribiak, eta horrez gain, Castrok ordura arte garaipenetan zuen marka berdintzea lortu zuen, 13 bandera irabazita.
Kronika haren ondotik, baina, 2017koa etorri zen, eta gerora 2003-2014 urteen arteko denak. Baina hori bai, 2003-2014 artekoetan mugatu behar izan du datu bilketa, bestela lanak luzeegi joko lukeelako. Hondarribiko garaipenak eta garaileen eskifaiak bilu ditu soilik tarte horretan.
Horregatik, Castrillonek, beste arraun elkarte eta zaleei luzatu die gonbidapena, nor bere traineruarekin lan bera egitera animatuz, berak datuen bilketarako sortu duen egitura baliatuz.
Bien bitartean, baina, Castrillonen liburua eskuratu nahi duenak
HITZAren bitartez du horretarako aukera.