HITZAk zuzeneko kontakizuna egingo du Twitter bidez.
1945eko urtarrilaren 16an hil zuten Jesus Carrera Olaskoaga, eta handik bi egunera lurperatu
Jesus Carrera Olaskoaga hondarribiarraren gorpuzkiak lurpetik aterako dituzte gaur goizean. Alcala de Henareseko (Madril) hilerriko hobi batean dago, beste hiru militante komunistekin batera. Gerra ondoren,
300 errepublikano inguru fusilatu zituzten Alcalan, eta hondarribiarraren sendia da gorpuzkiak berreskuratzeko eskaera egin duen lehenengoa.
1945eko urtarrilaren 16an fusilatu zuten Carrera. Bi urte lehenago atxilotu zuten, Espainiako Alderdi Komunistako (PCE) idazkari nagusi zenean.
Bost hilabetez torturatu zuten, hanketako hezurrak txikitzeraino. Bere bizitzako azken hilabeteak gurpildun aulki batean pasa zituen, torturen ondorioz.
Bere senitarteko batzuk Alcala de Henaresera hurbildu dira, ekitaldia bertatik bertara jarraitzeko. Paco Etxeberria forentsea eta Lourdes Herrasti antropologoa buru direla, Aranzadiko Zientzia Elkarteko talde batek zuzenduko du exhumazio prozesua.
Goizez egingo dituzte gorpuzkiak lurretik ateratzeko lanak, bederatzietatik aurrera. Jardunaldiarekin bat eginez, PCEk omenaldia egingo dio buruzagi komunista zenari, baita harekin batera Alcalako hilerrian lurperatuta dauden antifaxista guztiei ere. Lanak bukatuta, Javier Rodriguez Alcala de Henareseko alkate sozialistak harrera egingo die Carreraren senideei udaletxean.
Bi urteko ikerketa
Aitzol Arroyo historialariak burutu du Jesus Carrerari buruzko ikerketa. Bi urtez luzatu den lanari esker, buruzagi komunistaren biografia osatzeko aukera izan du Arroyok, baita non lurperatu zuten jakiteko ere.
Azken hilabeteetan, Sasetaren Aldeko Taldeko bultzatzaile Joserra Enparanen laguntza izan du Arroyok. Kandido Saseta, Euzko Gudarosteko Komandanteari buruzko ikerketa egin zuen Enparanek; lan horri esker, gudalburu hondarribiarraren aztarnak aurkitu zituzten Asturiasko Areces herrian, eta 2008az geroztik Hondarribiko hilerrian daude hobiratuta.
Jesus Carreraren familiak ere
Hondarribiko hilerrira ekarri nahi ditu haren gorpuzkiak, familiaren panteoian atseden har dezaten.
Hondarribiko HITZAk, exhumazio ekitaldiaren kontakizuna egingo du
@hondarribihitza Twitter kontuaren bidez (
#JesusCarrera1945 traola erabiliko da).