153 egunez torturatu zuten, hezurrak txikitu arte

Ostiralean, Jesus Carrera Olaskoaga hondarribiarrari buruzko erreportajea argitaratuko du Gipuzkoako HITZAk. 1945eko urtarrilaren 16an fusilatu zuten Alcala de Henaresen, PCEko idazkari nagusi zenean. Erbestean zegoela jaso zuen alderdi komunista berregituratzeko proposamena, eta 1941eko urrian muga zeharkatu zuen Behobia aldetik.

1943ko martxoan atxilotu zuten, eta tortura latzak jasan zituen Segurtasun Zuzendaritza Nagusian; atxilotu eta bost hilabetera eraman zuten epailearen aurrera. 1944ko irailaren 19an epaitu zuten, eta hiru hilabetera jaso zuen epaiaren berri. Juan Ramon Garairen Celestino Uriarte, Clandestinidad y resistencia comunista (2008) liburuan kontatzen denez, sententziaren zain zegoela, Carrera askatzeko ihesaldia antolatu zuten, baina ezin izan zuten burutu, gurpildun aulkian zegoelako, torturen eraginez.

Joserra Enparan, Sasetaren Aldeko Taldeko kidearen ustez, borrokarako konpromisoa maila da Carreraren ezaugarri nagusia: “Jakitea, Frantziatik itzuliz gero, lehenago edo geroago atxilotu, torturatu eta fusilatu zutela, eta halere, proposamena onartu izana, hori izugarria iruditzen zait”.

Aitzol Arroyo historialariak eginiko ikerketari esker, Alcala de Henaresen lurperatua dagoela jakin izan du buruzagi komunistaren familiak. Bere gorpuzkiak lurpetik atera eta Hondarribiko hilerrira elkarri nahi dituzte.

Irakurri: Jesus Carrera etxean nahi dute

Jesus Carrera Olaskoaga

1945eko urtarrilean fusilatu zuten Jesus Carrera hondarribiarra, PCEko idazkari nagusi zela

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend