Erdi Aroko pintxoen herriko txapelketa irabazi du Gorka Irisarri sukaldariak 'Aitatxi' pintxoarekin. Herria Olivenzan ordezkatuko du.
Irabazleak, pozik, sariak eskuan.
Asteburuan egin dute Hondarribian, Erdi Aroko Azokaren barruan, aro horretan oinarritutako pintxo lehiaketa. Danontzat Gastrotekako Gorka Irisarri sukaldariak egindako
Aitatxi izeneko pintxoari eman diote txapela. Horrela, herriko sariaz gain, azaroan Badajozeko (Extremadura, Espainia) Olivenza herrian egingo den Erdi Aroko Pintxo Txapelketan herriaren ordezkari izango da. Bost tabernak parte hartu zuten herriko txapelketan: Danontzat, Gran Sol, Enbata, Ondarribi eta Sardara.
Txapelketan bazen beste irabazle batentzako saria, herri epaimahaiarena alegia. Hori Ondarribi tabernari eman diote,
Onddoa gorringotan mokaduagatik.
Gaur eman dute emaitzaren berri, udaletxean egindako agerraldian. Bertan Gorka Irisarrik zehaztu du sentimendu handiz egindako pintxoa izan dela, haren aitatxiaren omenez egindakoa izan baita, “txikia nintzenean amonak aitatxiri prestatzen zion saldaren omenaldi bezala egin dut”. Olivenzan herriaren ordezkari izatea ohorea izango dela aipatu du sukaldariak.
Gaurko sari emate ekitaldian epaimahaiko kide Arantxa Uyualla izan da, Laia erretegikoa hura. Aipatu du ez dela batere erraza izan onena aukeratzea, eta hori herriko pintxoen maila altuaren seinale dela, “maila bikaina dago, oso pintxo landuak izan dira”.
Maria Serrano Turismo zinegotziak, hitza hartu duenean, txapelketan parte hartu dutenei eskerrak eman dizkie —tabernak eta epaimahai osatu dutenak—, eta herriko pintxoen eta sukaldarien maila goraipatzeaz gain, ziur azaldu da Hondarribiko ordezkariak lan ona egingo duela Olivenzan.