'Ametsa & Zinema' ikuskizun handia hilaren 17an eskainiko dute, 19:00etan hasita eta Amaia Kultur Zentroan. Ametsako koru guztiek parte hartuko dute.
Ametsako kideak, ikuskizunaren entsegu batean.
Amaia Kultur Zentroak Ametsa Abesbatzaren barruan dauden lau koruen partaidetza izango duen ikuskizun handia jasoko du hilaren 17an (igandea).
Ametsa & Zinema izena jarri diote ikuskizunari: izenak garbi dio, Ametsako lau koruek zinemako kanturik ezagunenak ekarriko dituzte, 19:00etan hasiko den emanaldian. Sarreren prezioa 20 eurokoa da, eta Ametsako bazkideek zein 18 urtetik beherakoek 10 euroan eros ditzakete tiketak
Kutxabanken sarreren zerbitzuaren bidez, Irungo Turismo Bulegoan, eta Amaian bertan.
Ametsa Txiki, Ametsa Gazte, Ametsa eta Betiko Ametsa abesbatzetako kideek, gitarren, pianoaren eta bateriaren laguntzarekin,
The Lion King,
Phantom of The Opera,
West Side Story,
The Mission edo
Les Miserables filmetako abestiak interpretatuko dituzte, besteak beste. Hala, Ametsatik esan dutenez, oso atsegina izango da emanaldia, abesti oso ezagunekin, eta familientzat aproposa. Gogoz ari dira entseguak egiten, den-dena ondo atera dadin.
Eneko Amundarain Ametsa Gazteko zuzendariak nabarmendu du kantarientzat ezagunak direla zinemako abestiak, baina horiek sakon prestatzen lehen aldia dutela, “teknikoki, ez da erraza gauzak ondo egitea. Baina pozik eta ilusionatuta gaude”. Joseba Andoni Agirrek Ametsan 60 urteko bidea du egina, 79 urte ditu. Kontzertuaren prestaketa oso ondo doala adierazi du, eta zailtasunak zailtasun, prozesu “aberasgarri eta dibertigarria” izaten ari dela ikuskizun handiaren prestaketarena.
Leire Belarrak 16 urte ditu. Haren txikitako kantak abesteak,
The Lion King-ek adibidez, “berezi” egingo dutela kontzertua dio. 18 urteko Jon Martin, berriz, “oso ondo” pasatzen ari da
Ametsa & Zinema prestatzen, eta ezagutzen dituen nahiz ezagunak ez dituen abestiak kantatzea gustagarri izango zaiola adierazi du.