San Pedro eta San Martzial jaiak osatzeko 340.000 euroko aurrekontua erabiliko du udalak. Ia denak kalean egingo dira. Gazte Gunea jarriko dute aurten ere.
Monica Martinez eta Juncal Eizagirren zinegotziak, egitaraua aurkezten.
Hilaren 23tik uztailaren 1era arte,
San Pedro eta San Martzial jaiek 120 ekitaldi bilduko dituzte. 56 udalak antolatutakoak dira, 46 hiriko elkarte eta eragileek prestatu dituzte, eta gainontzekoak Istillaga plazan jarriko duten Gazte Gunearen karpan (hilaren 24, 25 eta 26an) egingo dituzte. Jaiek 340.695 euroko aurrekontua dute denera. Juncal Eizagirre Kultura ordezkariak gaurko aurkezpenean esan duenez, herritarrek egitarauan txertatzeko proposatu dituzten ekitaldi ia denak sartu egin dituzte programan. Ekitaldi guzti horietatik %95 kalean egingo dituzte.
Asun Casasolak emango die jaiei hasiera hilaren 23an. Gazteria ordezkari Monica Martinezekin batera egin du agerraldia Eizagirrek.
Eizagirrek adierazi du haurren ekintzak auzoetara zabalduko direla aurten ere, Katean, Behobian, Anzaranen, Larreaundin, Anaka eta Belaskoenean ere egingo direlarik.
Betti Gottiren hilaren 23ko Herri Bazkaria nabarmendu du egitarauaren errepasoa egin duenean Eizagirrek. Eta San Martzial Gune egitasmoa (hiriko artistek euren talentua azaltzeko izango duten gunea) hilaren 26an Genaro Etxeandia plazan egingo dela.
Urdanibiako kontzertuak ere aipatu ditu Kultura ordezkariak. Gainera, esan du
ETBko Oholtzan saioaren atal bat hirian grabatuko dutela, Puro Relajo Nafarroako mariatxiak izango direlarik izar (Luis Marianoren abestiak kantatuko dituzte), Irungo Atzokoak eta Ondaren abesbatzen laguntzarekin, nahiz Angel Pazos irundar abeslariaren partaidetzarekin.
Luis Marianon jarriko diren postuak hilaren 15ean zabalduko dituzte. Urdanibiako txosnak hilaren 22tik uztailaren 1era egongo dira lanean.
Hurrengo astean
Irungo Udalaren webgunean jarriko dute egitaraua oso-osorik.