Datozen egunetan udal gobernuak 4,8 milioi euroko kreditu aldaketa proposatuko duela esan dute, eta ondorioz, alderdi jeltzaleak zuzenketak proposatuko dituela.
Bigarren faseari hasiera emateko eskaera egin diote udal gobernuari.
Joan den apirilaren 27an Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi zuen bezala,
Irungo lotune erdia eta hegoaldeko ingurabidea egiteko proiektua finantzatzeko 14 milioiak eskuragarri ditu (horietatik 6 aldundiak ahalbidetuko ditu, eta gainontzekoa Bidegi eta Kutxaren eskutik lortuko dute).
Irungo EAJko bozeramaile Xabier Iridoyk adierazi duenez, Irungo Udalak lehen faserako milioi bat euro bermatuko ditu. “Bi jarduketa hauek hiri zentrorako sarrera nagusiak jasaten duen trafiko handia arintzen lagunduko du eta egun GI-636an dagoen arazoa ere hobetuko du”, adierazi du jeltzaleak.
Halere, bigarren fasearen proiektuari hasiera emateko eskatu dio EAJk udal gobernuari. Gainera, datozen egunetan udal gobernuak 4,8 milioi euroko kreditu aldaketa proposatuko duela esan dute, eta ondorioz, alderdi jeltzaleak zuzenketak proposatuko dituela. Horretarako, 2019ko aurrekontuetan hainbat urtetako kontu saila sartu beharko litzakeela uste dute. Zuzenketa horien artean, 4,8 milioi euro horien zati bat bigarren fasera zuzentzeko proposamena egingo dutela diote.
“Alkateari orain arte erabili duen biktimismoa eta beste instituzioekiko emaitza gabeko liskarrak alde batera uzteko eskaera egiten diogu, honekin lortzen duen bakarra Irunen interesak kaltetzea besterik ez baita. Bada garaia gure hiriak hainbat urtetan jasan behar izan duen mugikortasun arazo garrantzitsuak konpontzen hasteko”, adierazi du Iridoyk.