Mintza eta Blagan Egunean, euskara kalera

Bi egunak batera ospatzen ari dira hirian; euskara kalera atera da, giro onean

blagan eta mintza eguna

Euskarari ederki itxeki zaizkie Hondarribian.

Lana ongi egin ez izana eskertzen zaion ogibide bakanetakoa da meteorologoarena. Eguerdi parterako eguraldi txarra emana zuten —ez dugu gehiago hitz egingo, badaezpada—. Horregatik, Blagan eta Mintza Egunaren egitaraua moldatu zuten, eguraldiaren apetei aurreratuz. Kontuak kontu, eguerdi partean eguzkia izan da euskara kalera atera duen festaren gonbidatuetako bat. Goizean kanpotik etorritako mintzalagunei harrera egin diete, eta tren berdean Hondarribia ezagutzeko parada izan dute. San Pedro kalean, berriz, merkatuaz gain, irratsaioa zuzenean eskaini dute: hiriko euskalkiko hitzak azaleratzeko aukera ona izan da. 13:30 inguruan, zapi berdeak lepoan, Kai Zaharrera mugitu dira parte hartzaileak. Txalapartaren ttakunak arraunlarien paladak markatu ditu, Blagan-en Itxeki euskarari lelodun pankarta lehorrera ekartzeko. Segidan, Abiyuan txarangarekin kalejira egin dute Kai Zaharretik Arrantzaleen Auzora. Gorputza dantzan jarri baino, mingaina gehiago astindu dute segiziokoek. Tira, euskararen eguna da. Blagan aritzeak sortzen duen eztarri lehortea ongi konponduta, Soroetako pilotalekura joan dira. Puntualak ez direla izan? Gustura zeudenaren seinale. Gauera arte Bazkaldu ondoren, eskertzen momentua etorri da, musikari leku egin aurretik. Errebal taldeak, ghettotik ateratako Gorpuzkingz taldea eta Hondarribiko elektropatxarangakoak izango dira arduradun. Gorpuzkingz taldearen txarraskek egiten duten bezala, euskarak kalera atera eta pum pum egin du gaurkoan. Ea ez den egun bakarra.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.