«Denen iritzia entzun nahi izan dugu»
Xabier Martinez Hartu Hitza Irun elkarteko kidea elkarrizketatu du HITZAk. Azaroaren 18ko herri galdeketarako ia dena prest dute.
«Guk planteatutako prozesua, hasieratik, parte hartzailea eta irekia izan da»Galderan ‘bai’ eta ‘ez’ erantzunak ezabatu dituzue. Zergatik erabaki hori? Guk planteatutako prozesua erabat parte hartzailea eta irekia izan da hasieratik. Sareetan zintzilikatu genuen bideo baten bitartez, Irungo herritarrei euren ekarpenak egiteko eskatu genien. Orotara, hamabost bat ekarpen jaso genituen eta ondoren pentsaera eta izaera anitzeko pertsonez osatutako talde bat sortu genuen (Adosgunea). Maiatzaren 12an egindako bileran adostu zen galdera ofiziala, denen ekarpenekin. Galdera mota mordoa jaso genituela ohartu ginen orduan. Bazeuden ‘bai’ eta ‘ez’ erantzunak zituzten galderak, baina baita galdera bat erantzun, eta beste galdera batera eramaten zutenak, esaterako. Adosgunean komentatu zen Irun bezalako herri plural batentzat agian ‘bai’ eta ‘ez’ bezalako erantzun formula hori ez zela egokiena izango, jende asko bazterrean uzteko arazoa zegoelako akaso. Gure helburua beti izan da ahalik eta jende gehienak parte hartzea. Arrazoi nagusia da erantzuna beti baiezkoa izango dela, ez da ezezko aukerarik izango. Pertsona bakoitzaren iritziaren araberakoa izango da erantzuna. Irungo herritarrentzat erantzun posible egokienak izango direla uste dugu. Nolakoa izan da galdera adosteko prozesua? Pentsatzen genuena baino askoz erosoagoa izan da. Herri bakoitzak bere formula, bere prozesua sortu du, talde bakoitzak bere galdera zehatza du. Guk ikusten genuen hilabete eta erdiko epe batean zaila izango zela denen artean adostasun batetara iristea, baina egia esan, hasieratik oso ondo joan da dena. Iritzi ezberdineko pertsonak elkartzen dituzunean, borondate bat izan behar da norberaren ideiekin %100ean ez joateko, denen artean hitz egin eta negoziatzeko. Denen iritzia entzun nahi izan dugu, besteen arrazoiak ulertu. Oso pozik gaude, soilik bi bileretan adostu dugulako galdera. Gainera, egindako ebaluazioan, galderaren onarpena 10etik 8koa izan zen, oso maila altua jaso zuen.
«Herriak izan behar du boterea; hau da demokrazia ariketarik zuzenena»Irungo galdeketak jada abestia eta guzti du. Kontaiguzu nondik datorren ideia. Kanta ere elkarlanaren bidetik sortutakoa da, ezta? Orain Gure Esku Dago-k ere atera duen bezala, pentsatu genuen Hartu Hitza Irun elkarteak San Pedro eta San Martzial Jaietan elkarteak presentzia izateko positiboa izango zela abesti propioa izatea. Hamaika lekutan entzuteko aukera izango da udan zehar. Azarora bitarte berriz ere kalera atzerako asmoa dugu, eta ordurako ere baliagarria izango da. Beñat Muguruzari otu zitzaion, eta Eneritz Furyakek letra jarri eta Los Secos taldeak musika gehitu dio. Grabatzen ari dira dagoeneko, gutxi barru prest izango da, eta bideoklip eta guzti kaleratuko dute. Zer nolako partaidetza espero duzue azaroaren 18ko galdeketan? Guk ahalik eta irundar gehienek bozkatzea nahi dugu. Orain herritarren%5aren babesa jaso dugu, baina gure buruari ezin dizkiogu mugarik jarri. Orain erantzun behar dutenak Irungo herritarrak dira, orain arte laguntza behar izan dugunean erantzun dute eta ziur gaude azaroan ere erantzungo dutela. %8-12 bitarte horretan ondo legoke, baina ez dugu mugarik jarri nahi. Baiezko bat lortzea da helburua noski, baina horrez gain, gure helburuetako bat da herriak erabakitzeko kultura hori ere beste esparru batzuetara eramatea. Adibidez, Plaiaundiko instalazioen gaiarekin, herriari galdetzea ondo legoke, praktika horiek ere martxan jarri nahi ditugu galdeketaren ostean. Kultura hori ere zabaldu nahi dugu. Bozka emateko oraindik zalantza duten horiei, zer esango zenieke? Zein gogoetako egiteko eskatuko zenieke hemendik azaroaren 18ra? Zalantzarik ez izateko esango nieke, hau baita demokraziarik zuzenena. Herriak izan behar du benetan boterea eta nik uste dut horrelako egitasmoetan hori frogatzen dela. Hau guztia irundarrek egin dute, Irungo herritarrentzat. Mugimendu guztia herritarrena da eta herritarrek eduki behar dute benetako ahotsa. Lau urtero soilik hauteskundeak egitea ez dakit zenbatetaraino izango den demokrazia zuzena. Hau horrelako ariketa bat da, eta mugimendua oso interesgarria dela uste dugu. Aldez aurretik guri buruzko informazioa begiratzeko esango nieke, eta ondoren, noski, galdeketan parte hartzeko.