Iratxe Sorzabalen kasuaren epaia udararako atzeratu dute
Irun, Hondarribia eta Hendaiako Iratxeren lagunek manifestazioa deitu dute datorren larunbaterako (ekainak 2), euskal preso irundarraren egoera salatzeko.
Atzo, Parisko Helegite Auzitegian, Espainiako Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal irundarraren kontrako hiru euroaginduak eztabaidatu zituzten. Kasuaren epaia udararako atzeratzea erabaki dute, eta ordura arte 2001ean Sorzabalek torturak jasan ote zituen ikertzeko tartea izango du Pariseko Auzitegiak. Irailaren 26an hartuko dute erabakia. Irun, Hondarribia eta Hendaiako Iratxeren lagunek manifestazioa deitu dute datorren larunbaterako (ekainak 2), euskal preso irundarraren egoera salatzeko. 19:30ean ekingo diote manifestazioari, Irungo San Juan plazatik, ‘Euroagindurik ez, torturarik ez’ lelopean. Mozioa udalean Irungo EH Bilduk jakinarazi berri duenez, euroaginduen inguruko mozioa aurkeztu zuten atzoko udalbatzan, adierazi duten bezala, “bere kasuaren inguruko gure kezka azalduz eta torturapean egindako aitortzak ontzat ematearen aurka”. Aurkeztutako mozioari SPI (Irun Ahal Dugu) eta EAJk baiezko botoa eman zioten, PSE-EE abstenitu egin zen eta PPk kontra bozkatu zuen. Alderdien babesaz gain, politikari, herritar eta eragile ugarik atxikimendua adierazi diote euskal preso irundarrari, eta larunbateko manifestaziora joateko deialdia egin dute.