Zazpi urtetik gorako haur zein nerabeei zuzendutako arte eta sorkuntza udalekuak izango dira, jokoa eta esperimentazioa oinarri direlarik.
Maider Galarza eta Idoia Hernandez begirale gisa arituko dira.
Irungo Legalon T antzerki eskolak udaleku irekiak antolatu ditu datorren uztailerako. Zazpi urtetik gorako haur zein nerabeei zuzendutako arte eta sorkuntza udalekuak izango dira, jokoa eta esperimentazioa oinarri direlarik.
Maider Galarza eta Idoia Hernandez begiraleek gidatuko dituzte udalekuak. Adierazi dutenez, arte espresio ezberdinak landuko dituzte: antzerkia, plastika, musika, bideoa eta beste hainbat espresio. Galarza Nafarroako Antzerki eta Estudis de Teatre Berty Tobias eskoletan egin zituen ikasketak, eta ondoren, Oihulari Klown, Panta Rhei edota En la Lona bezalako antzerki taldeetan begirale gisa aritu da. Hernandez berriz, Oiartzungo Ibargain Musika Eskolan aritutakoa da, eta 2Bat musika eta poesia taldearen sortzaileetako bat da (2017an bere bakarkako lehen ‘Lehena’ lana kaleratu zuen).
Udalekuetan izena emateko interesa dutenek, hiru aukera izango dituzte matrikulatzeko: astebeteko matrikula (80 euro), bi asterako matrikula (120 euro) edo hilabete osoko matrikula (220 euro). Apuntatzeko, 658 74 36 01 telefono zenbakira deitu beharko dute interesdunek, ekainaren 22ra bitarte. Udalekuak uztailaren 2an hasi eta 27an amaituko dituzte. Klaseak lan egunetan egingo dituzte, egunero, 9:30etik 13:30etara.