Su artifizialak botatzeko gunearen aldaketa Ekologistak Martxan taldearen eskari batek eragin du. Lehen, babestutako Osinbiribil eremutik botatzen ziren.
Josean Ruiz de Azua eta Juncal Eizagirre, gaur, aldaketaren berri ematen.
Ekologistak Martxan taldeak egindako eskaera bati jaramon egin dio Irungo Udalak. Horren ondorioz, San Pedro eta San Martzial jaietako su artifizialak San Migel auzotik botako dituzte, Osinbiribildik beharrean. Donostia kaletik hurbil dagoen gune batean jarriko dute suak botatzeko eremua.
Gaur eman dute aldaketaren berri Juncal Eizagirre Kultura zinegotziak, eta Josean Ruiz de Azua gaiarekin harremana duen udal saileko zuzendariak. Esan dutenez, Osinbiribilgo gunea Natura 2000 Sarearen barruan dago —babestutako gunea da, beraz—, eta Ekologistak Martxan-eko kideek hortaz udala ohartarazi, eta aldaketa gauzatu dute, “hilabeteetako lana izan da aldaketarena. Iazko jaien hasieran iritsi zitzaigun taldearen eskaera, eta 2017an aldaketak egiteko denbora epea laburra zenez, iazko jaiak bukatuta hasi ginen lekualdaketarekin lanean”. Ingurune naturala errespetatzeko neurria dela jakinarazi du Eizagirrrek, eta Ekologistak Martxan eta aldundiarekin batera landu dutela.
Hasierako proposamena ez zen nahikoa izan taldeko kideentzat, ordea. Izan ere, Osinbiribil inguruan kokatzen baitzuen udalak hasiera batean suak botatzeko gune berria. Hala, berriz ere kokapen berrien bila hasi —su artifizialetan adituen laguntzarekin— eta hainbat gune aztertu ondoren, San Migelgoak jaso zuen guztien oniritzia.
Eizagirreren arabera, kokaleku berri horrek ahalbidetuko du auzo horretan jaietan giro handiagoa egotea.