Santano alkateak bilera eskatu dio Bidegiri, ordainlekuetan arazoak dauden aldiro Irungo hiri barruko trafikoan arazo larriak izaten direlako.
Biriatuko eta Irungo ordainlekuak irekitzea proposatu du alkateak.
Irungo alkate Jose Antonio Santanok bilera egiteko eskaera egin dio Bidegiri, azken orduetan AP-8an, eta horren ondorioz hirian
izaten ari diren auto pilaketengatik. Alkateak esan du, auto pilaketak egon daitezkeela abisatzea—Bidegik hala egin zuen— ez dela nahikoa, “eseri egin behar gara denon artean soluzioak bilatzeko. Irun beti kaltetua izaten da auto pilaketak daudenean”. Gaurko (asteartea) 15:15an 17 kilometroko ilara zegoen AP-8an Irundik Donostiara.
Auto pilaketen arrazoien artean Frantziako Estatuko jai ofizialak edo opor aroak aipatu ditu alkateak, “baina pilaketen arrazoiak edozein izanda ere, Irun beti kaltetua izaten da. Lehen pertsonan jasaten ditu hiriak arazo horiek, hirigunean bertan”.
Zentzu horretan, alkateak gogorarazi du urteak direla hainbat proposamen egin zituela Irunek trafiko kolapsoak daudenean, horien artean, Irungo eta Biriatuko ordainlekuak zabaltzea, “neurri hori eta beste batzuk berraztertzea beharrezkoa da, azkar gainera. Auto ilarek hiriari eta eremu osoari eragiten diete”.