Euskararen erabilerari mendian ere bultzada emateko, Mendian Euskaraz taldea osatu zuten iaz zenbait mendizalek. Atzo aurkeztu zuten taldea eta urtean behin mendi irteera berezi eta anitza antolatzea dute helburu.
Isabel Mancebo Baldaren ilustrazioa.
Larunbat zein igandetako ohiko mendi irteerei bira eman diote Mendian Euskaraz taldeko kideek. Iazko otsailetik gaur bitarte, hilabetero, mendiko oinetakoak jantzi eta Euskal Herriko gailur ezagunenak gainditu dituzte, baldintza bakar eta zehatz batekin: lehen eta azken hitza, beti, euskaraz izatea.
Mendian Euskaraz taldeko kide eta sortzaile da Edu Zabala. Eibartarra izan arren, 2002tik klaseak ematen ditu Irungo Txingudi Ikastolan, hortaz, ia-ia irundarra kontsideratzen dela dio. Hura izan zen, lagun batzuekin batera, taldea sortu zuen kideetako bat. «Mendien ondarea euskaraz ezagutzeko, euskal giroan bizitzeko eta euskaraz bizi nahi duen orori beste arnasgune bat eskaintzeko ekin genion taldea sortzeari», adierazi du. Ordutik, hilabetero, mendi irteerak antolatu dituzte, eta birikek aukera utzi dietenetan, euskararentzat arnasgune bila aritu dira.
Urtebete pasata, atzo gizarteratu zuten egitasmoa, Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian egindako agerraldian. Bertan, besteak beste, Edu Zabala bera, Hondarribiko Blagan Euskara Elkarteko ordezkariak, eta Euskal Herriko mendizale zein euskaltzale elkarte mordoa izan ziren.
2017ko otsailean egin zuten lehen irteera. Talde txiki bat elkartu zen orduan, baina orduz geroztik, gogoz eta ilusioz, beste mendi taldeekin harreman sare sendoa osatu dute Zabala eta konpainiak. Lan horren ondorioz, zortzi mendi talde eta kultur elkarte bat atxikitu zaizkie egitasmoari azken hilabeteotan. Egun, zazpi herrialdeetako kideak aurki daitezke taldean, gehienak Oarsoaldeko lau udalerrietakoak. Guztira, 35 mendizale eta euskaltzale inguru direla zehaztu du.
Orain arte ia astebururo mendian gora eta behera aritu diren arren, txango guztietara joateko partaideek zailtasunak izaten dituztela kontatu du Zabalak. Egoera horri irtenbidea bilatzeko asmoz, maiatzaren azken iganderako egitasmoaren mugarri izango dena prestatu dute, ahalik eta jende gehien batzea baitute helburutzat egun horretan. Data iraunkor bezala jarri dute egun hori, eta astebururoko txangoekin tartekatuz —txikiagoak izango direnak, alegia— urtero, mendi irteera berezia zazpi lurraldeetako mendietatik errepikatuko dute.
Hala, aurtengo mendi irteera berezia, hilaren 27an egingo dute (igandea). Lizarragako Bentatik abiatuta, Andia mendilerroan dagoen Euskal Herriko erdigune geografikoa bisitatuko dute mendizaleek, eremuak duen «sinbologiagatik» aukeratu dute. 09:00etan ekingo diote 22 kilometroko ibilbideari, eta orotara, 200 metroko desnibela igo beharko dute. Igoeraz gain, Zabalak kontatu duenez, mendi tontorrean euskaraz abesteko ohitura dute Mendian Euskaraz taldekoek eta ordurako, kanta sorta prest dago.
Asteburuetako zein maiatzaren azken igandeko txangoak adin tarte guztietako herritarrentzat direla nabarmendu du, norberaren gaitasunetatik harago, edonork izango lukeela aukera ibilaldian parte hartzeko. 15-20 kilometro bitarteko txangoak egin ohi dituzte, eta gehienez 500 metroko desnibelari egin behar izaten diote aurre.
«Euskalkiak dantzan»
Hizkuntza bakarrean aritu arren, euskalkiak entzun daitezke mendi irteera horietan. Edu Zabala: «Gauza oso bitxia da lau edo bost euskalki, momentu eta talde berean, dantzan ikustea». Horrek, taldeari «aniztasun puntu bat» ematen diola uste du Zabalak, une horretan gertatzen den egoera erabat ezohikoa eta aberasgarria dela mendian gora eta behera daudenentzat.
Irteera guztietan, gailurra helburua izan arren, bestelako jarduerak ere egiten dituzte. «Euskararen ondarea mendian aurkitzea ere izan da gure asmoetako bat», argitu du irundarrak. Horrela, bidean aurki daitezken natura eremu, eraikin edota kultur ondarea ere bisitatzen aritu dira azken urtean.
Orain arteko esperientzia «oso polita eta aberasgarria» izan da irakasle ohiarentzat. Atzera bota du begirada, eta azken urtean «talde polita eta zabala» osatu dutela onartu du, taldeko kideen kopurua gero eta handiagoa eta pluralagoa dela. Taldeko partaideen artean «harreman estua» sortu dela dio, giroa oso ona eta aproposa dela.
27ko irteerarekin «itxaropentsu» daude taldekoak. Euria egin ala ez, orain arteko talde handiena elkartzea lortu nahi dute. Horregatik, egitasmoa ez dute soilik euskaldunentzat itxi nahi izan. Euskaldun berri zein euskara ikasteko apustua egiten dutenek ere aukera izango dute taldean parte hartzeko, hori baita taldearen beste helburuetako bat. Ahobizi eta Belarripresten formula herrietatik mendira eramango dute, denen artean, euskararen eta naturaren alde mendian gora pauso bat emateko.
Irteera guztien argazki eta bideoak mendianeuskaraz.blogspot.com.es webgunean eskuragarri daude, baita datozen irteeren informazio guztia.