Irakurri Maite Agirre Topaguneko Mintzapraktika Batzordeko koordinatzaileari eta Estitxu Arretxe Blagan elkarteko kideari eginiko elkarrizketa.
Estitxu Arretxe eta Maite Agirre, Mintza Eguneko zapia eskuetan
Ekainaren 2an Euskal Herriko mintzalagunen festa eta Blagan Euskara Elkartearena egingo dituzte Hondarribian. Bi jarduerak bateratu dituzte, erabileraren aldarria ahalik eta zabalena izan dadin. Maite Agirre Topaguneko Mintzapraktika Batzordeko koordinatzailearekin eta Estitxu Arretxe Blagan elkarteko kidearekin elkartu da HITZA.
Topagunea eta Blagan, Hondarribiko Udalarekin elkarlanean, ari dira Mintza eta Blagan Eguna antolatzen.
Mintza Eguna iritsiko da aurten Hondarribira. Nola azalduko zeniekete hondarribiarrei Mintza Eguna zer den?
Maite Agirre: Euskal Herriko Mintza Lagunen festa eguna da, ikasturte amaieran ospatzen dena. Mintza taldeak sakabanatuta daude, eta elkar ezagutu eta beraien arteko sarea sortzeko balio du, mintza lagunen mugimendua zer den ikustarazteko, eta, baita, beraiek ere mugimendu horren kide direla sentitu arazteko. Izan ere, herriko dinamikan sartuta daude beti, eta ez badira kanpora ateratzen, adibidez Hondarribiko 75ak kanpora aterako ez balira, Euskal Herriko errealitatea zein den ezagutu gabe geratuko lirateke. ‘Hemen 75 zarete, gutxi ematen du, baina Euskal Herri osoan sei mila lagun ari dira mintza praktikan, asko zarete’ esateko, horri guztiari forma emateko sortu zen Mintza Eguna.
Nolako giroa espero daiteke egun horretarako?
Agirre: Egun osoko festa da, eta ez da Hondarribian hasten. Izena eman duen jendearen arabera autobusak antolatzen dira, eta autobusak jendea jasotzen joaten dira, herriz herri. Bidaiatik hasita, autobusak elkarrekin datoz, helburua hori delako, sarea osatzea, elkar ezagutzea, harreman berriak egitea, gerora egingo diren ekintzetan jada ezagutzeko eta beste giro bat sortzeko.
Autobusak iristen direnean harrera egiten zaie, eta herria ez ezik, herriko eragileak ere ezagutzeko aukera izango dute kanpotik etorritako mintzalagunek. Horretarako, antolakuntza bera ere herriko eragileekin elkarlanean egin da, parte aktibo izaten dira, ekarpenak eginez. Horregatik, Mintza Eguna oso egun parte hartzailea izaten da.
Bazkaria egongo da, eta badakigu bazkariaren ondoren bazkalostea izaten dela, hor sekulako giroa sortuko da Arrantzale Auzoan, beste ekitaldietan ikusitakoaren arabera, oso gustuko izaten dutelako bazkalostean abestu edo dantzan jartzea.
Aurkezpenean zapi berdearekin agertu zarete. Festaren ikurra al da zapi hori?
Agirre: Bai, parte hartzaileek zapia eramango dute, ikusgarri izateko. Iaz Derion egin zen eta laranja koloreko 180 zapi ibili ziren herrian zehar. Hondarribian, Blagan Egunarekin bat egin dugunez, askoz gehiago espero ditugu. Bazkaltzeko 300 lagun espero ditugu, eta txartela hartuko duten guztiei banatuko zaie zapi berdea. Zapi asko dira, ikusgarria izango da.
Zer egin dezakete herritarrek festara batzeko?
Agirre: Euskara ikasi nahi duenak, edo euskara hobetu nahi duenak, beti horrelako aukeren bila ibiltzen da, eta askotan euskaldunon jarrera kontrakoa izaten da, kostatzen ari zaiolako, gaztelaniara pasatzen gara. Eta justu kontrakoa da onuragarria, euskaraz jarraitzea, nahiz eta aurrekoari kostatu. Hortaz, ekainaren 2an zapi berdearekin ikusten badute norbait, euskaraz zuzendu daitezela haiengana, elkarrizketa emanez gero gustura hartuko dute, horretara, berriketara etortzen direlako.
Hondarribian 75 pertsona daude Mintzalaguna egitasmoan izena emanda. Horrek esan nahi du euskara praktikatu nahi duen jende asko dagoela, baina baita horiei laguntzen aritzen diren pertsonak ere.
Agirre: Proiektua egonkortu da, urtetik urtera igotzen joaten da kopurua, hemen urte dezente dira, eta proiektua egonkortu da. Kopuru polita da, bai, baina nik uste handitu daitekeela, jende askok uste duelako horrelako proiektuak ez direla haientzat, baina jende asko dago euskara maila izan arren poliki-poliki galdu duena, erabili ez izanagatik. Eta jende asko dago bidelagun moduan parte hartu dezakeena eta bere burua horretan ikusten ez duena. Bidelagunen ekarpena izugarria da, horiek gabe ezinezkoa litzateke, eskaintzen duten denbora izugarrizko altxorra delako mintzakideentzat.
Aurten Hondarribian egingo da Mintza Eguna, eta Blagan Egunarekin bateratzea erabaki duzue. Zergatik?
Estitxu Arretxe: Udalarengana bigarren Blagan Eguna egin behar genuela esanez joan ginenean, ez genekien Mintza Eguna Hondarribian egin behar zenik. Haiek esan ziguten, ‘begira, Mintza Eguna egingo da, kanpotik jende asko etorriko da’… Eta aukera eman ziguten bi festak elkartzeko. Gu pozik, helburu berbera delako, euskaltzaleak elkartzea bilatzen dugulako bai Blaganek, baita Mintzalaguna proiektuak ere. Elkarrekin eginda, gehiago elkartzeko balio badu, bada primeran. Euskaltzaleak elkartzea da Blaganen lehen helburua, eta bigarrena, kale erabilera handitzea eta sentsibilizatzea. Festa eragile gehiagorekin batera antolatzeko aukera baldin badago, hobe horretan ere, gero eta ikusgarriagoa, gero eta elkarlan zabalagoa, eta aukera hobea.
Agirre: Elkarlana oso polita izan da lehen momentutik bertatik.
Arretxe: Bai, guztiz ados. Guretzat oso ona izan da Blagan Eguna eta Mintza Eguna bateratzea, udalarekin eta Topagunearekin elkarlanean antolatzea, denak bat ari gara, bide beretik, dena ari da izaten positiboa.
Bigarren Blagan Eguna izango da. Nola ikusten duzue botila, erdi beteta, erdi hutsa…?
Arretxe: Botila betetzen esango nuke. 2015 urtean
Hondarribian euskara gutxi entzuten dela iruditzen zaizu? zioten kartelak ikusi genituen kalean, horren inguruan 20 lagun inguru elkartu ginen hasieran, gero 30… eta horren ondorioz sortu zen euskara elkartea. Aurretik ez zegoen euskaltzaleak elkartzeko gunerik, herri euskalduna ginela bagenekien, edo uste genuen, baina ez ginen erabileraren garrantziaz ohartzen, eta sentsibilizazio falta handia dagoela argi geratu da.
Aurten bigarren Blagan Eguna ospatuko dugu, eta pixka bat gehiago izango gara, sentsibilizazioak gora egin du, eta gero eta hondarribiar gehiago ari dira ikusten erabilera handitzeko mugitu egin behar dela, zerbait egin behar dela. Hori da bigarren Blagan Eguneko aldarrikapen nagusia, askoz gehiago garela, eta erraza dela gehiago entzutea.
Arretxe, erdian, iazko Blagan Eguneko kalejiran
Mintza eta Blagan egunaz ari gara, baina aurten bada erabilerarekin zerikusia duen beste zita garrantzitsu bat, Euskaraldia. Zer garrantzia du Euskaraldiak mintzapraktika programetan parte hartzen dutenentzat?
Agirre: Izugarrizko aukera izango da. Akaso hemen ez, baina leku askotan egitasmoetako jende askok eta askok zailtasun handiak ditu jauzia emateko. Lehen jauzia, euskara gehiago egin nahi dutela konturatu eta mintzapraktikan parte hartzen hasten direnean ematen dute. Baina hori lortuta, bigarren jauzia taldetik atera eta egunerokotasunean erabiltzea da, sarea handitzen joatea. Baina askotan ez da erraza, ez dutelako inguruan euskaraz aritzeko aukerarik.
Euskaraldia horrekin guztiz bat dator, eta mintzalagun egitasmoetarako oso garrantzitsua izango da, ohiturak puskatuko direlako, sarea ikusgarri utziko duelako mintzalagunentzat nahiz ez direnentzat. Euskaraldian 11 egunez harreman berriak sortuko dira Belarriprest eta Ahobizien artean, 11 egun iraungo dute printzipioz, baina luzatzea da helburua, eta normalean harreman berriak euskaraz egiten badira, euskaraz mantenduko dira.
Estitxuk azaldu du, Hondarribian hizkuntza ezagutzen duten askok ez dute erabiltzen, eta Euskaraldiaren ondorioz erabiltzen hasten diren horiek, gero jarraituko dute. Guretzat ere, mintzalagun egitasmoarentzat, oso inportantea da hori, euskaraz dakien jende gehiagok erabiltzea, mintzapraktikan ari denaren sarea asko zabalduko delako.
Euskaraldi txiki bat izango da, egun oso bat euskaraz gehiago biziko dena, euskara ikasten ari direnak eta Hondarribiko euskaltzaleak elkartuko dituena.