Irungo Alarde parekideak 20 urte beteko ditu aurten. Bi hamarkada luzeko ibilbidea behar bezala ospatzeko, ekitaldi berezia antolatu dute Ficoban.
Prest dute dena 20. urteurrena ospatzeko.
Irungo Alarde parekideak 20 urte beteko ditu aurten. Bi hamarkada luzeko ibilbidea behar bezala ospatzeko, bi ekitaldi berezi antolatu dituzte. Gaur aurkeztu dute kanpaina, Karmele Tolosa, Ane Unanue, Maialen Beltran, Xabi Martinez, Jon Indakoetxea eta Ibai Segurola alarde parekideko konpainiako ordezkariek.
20. urteurrenerako logo berria sortu dute. Zapel gorri baten itxura du, eta gainean, alardea izena jarri diote, adierazi dutenez, “herritar guztien partaidetza errespetatzen duena”. June Martin irundarrak diseinatu du.
Ospakizunen lehen ekitaldia, Maite Asensio eta Arantxa Iraola kazetariek idatzitako
Alardea, ukatutako plazara liburuaren aurkezpena izango da. Aurkezpena datorren hilaren 23an (asteazkena) izango da, Irungo Udal Liburutegian. 18:00etan ekingo diote emanaldiari, eta bertan, bi kazetariak izango direla jakinarazi dute.
Urteurrenaren ekitaldi nagusia Irungo Ficoban egingo dute, datorren ekainaren 21ean. Miren Gaztañaga Irungo eszena-zuzendariak gidatuko du ekitaldia, eta harekin batera Emakunde saria jaso berri duen Virginia Imaz
clowna izango da. Ekitaldira azken 20 urteotan alarde parekideari babesa eman dioten pertsona eta erakundeak gonbidatu dituzte, adierazi dutenez, haien babesik gabe, “Alarde Parekidea erronka askoz ere zailagoa zatekeen”. Azaldu dutenez, aitortza ekitaldia izango da ekainekoa, “lortutakoa ospatzeko balio izango duena eta berdintasunaren alde lanean jarraitzeko deia izango dena”.
Gaurko agerraldiaren irudia, Ficoba erakustazokan.
Era berean, kanpainari hedapena emateko asmoz, ikus-entzunezko materiala sortzen ari dira gazteen partaidetza sustatzeko. Hala, gazte irundarrei alarde parekidearekin lotuta bizi izan duten unerik gogokoenak edota irudirik maiteenak sare sozialen bitartez elkarbanatzeko deialdia egin dute.
“Irungo San Martzial egunean jai bat baino gehiago ospatzen dugu. Emakumeon eskubideen borrokan urratsez urrats aurreratzen goazela aldarrikatzen dugu urtero. Azkeneko martxoaren 8 honek, erakutsi digu borroka honetan ez gaudela bakarrik, horregatik berdintasunean sinisten duzuten pertsona guztioi 20. urteurren honetan gurekin ospatzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu, Irunen, urtero, lila kolorea gorri bihurtzen baita san martzial egunean” esaldiarekin amaitu dute aurkezpena.