Arantxa Iraola eta Maite Asensio kazetariek ‘Alardeak, ukatutako plazara’ liburua argitaratu dute .80 pertsona baino gehiagorekin elkartu dira
Maite Asensio eta Arantxa Iraola gaur goizean, Donostian
Arantxa Iraola Alkorta errenteriarrak eta Maite Asensio Lozano bilbotarrak idatzitako
Alardeak, ukatutako plazara liburua aurkeztu dute gaur Donostiako Elkar saltokian.
Berria, Elkar eta Jakinen
Aleka entsegu bildumako seigarren alea da, eta dagoeneko salgai dago.
Berria-ko Gizarte arloko kazetariak diren heinean, Irun eta Hondarribiko alardeen gatazka landu izan dute Iraolak eta Asensiok, «kazetari bezala hor egon behar genuela sentitu izan dugulako». Horregatik, liburua idazteko enkargua jaso zutenean, urtetan sortutako galderen erantzun bila abiatu zirela kontatu du Iraolak. «Zergatik hain erantzun bortitza izan zuten, eta zergatik luzatu da hainbeste?». Galdera horiei helduta, «erreportaje oso luze» bezala aurkeztu duten kazetaritza lanari ekin zioten. Lan gogorra, «baina opari oso handia» izan dela aitortu die Asensiok aurkezpenera bildutakoei.
Libururako, bi kazetariak 80 pertsona baino gehiagorekin elkartu dira, askotarikoak: alardeetako partaideak, antropologoak, agintariak, irakasleak, herritarrak… «Ahalegina egin dugu ahalik eta anitzena izateko», nabarmendu du Iraolak, eta elkarrizketa bakoitzak liburuan ñabardura bat utzi duela esan du: «Horrek ondo erakusten du gaia zein konplexua den». Nolanahi ere, ate asko itxita aurkitu dituztelako pena dute, eta horien berri eman nahi izan dute liburuan, haiekin elkartu nahi izan ez dutenen zerrenda erantsi dutelarik.
Ate bat konponbideari
Kazetari gisa alarde parekidearen alde lerrokatu izan diren arren, libururako esfortzua egin dutela onartu dute: «Ahalegina egin dugu besteen tokian jartzeko. Konponbidea inoiz helduko bada, oso garrantzitsua da aurretik ariketa hori egitea».
Liburua sei ataletan banatuta dago, eta 25 urtez luzatu den borroka ertz askotatik lantzen dute atal horietan: gatazkaren bilakaera, sustraiak, epaitegietan eginiko bidea, agintarien jarrera, bizikidetza… Azken atala konponbideari eskaini diote. «Ikuspegi eraikitzailea izan dugu —argitu zuen Asensiok—, eta badakit hori deseroso izan daitekeela. Baina dei egiten dugu hitz egitera, guk jasotako sentipenak partekatzera».
Bilbotarrak gaineratu zuenez, «gauza batzuk mugitzen ari dira, batez ere Hondarribian», baina konponbiderako keinu batzuk ezinbestekoak direla uste dute bi kazetariek, eta tokiko erakundeen inplikaziorik gabe, bidea askoz zailagoa dela deritzote.
Datorren astean Arantxa Iraolari eta Maite Asensiori eginiko elkarrizketa argitaratuko du OARSO BIDASOKO HITZAk.