Abesbatzen Eguna egingo dute datorren igandean (hilak 20), Amaia KZan. 18:30ean hasiko da, eta bertaratzeko gonbidapena eskuratu beharko dute irundarrek.
Gaur aurkeztu dute programa, San Juan plazan.
Irungo Amaia Kultur Zentroak ehunka abeslari jasoko ditu datorren igandean (hilak 20). Abesbatzen Eguna egingo dute bertan, 18:30ean ekingo dioten emanaldiarekin. Gaur aurkeztu dute programazioa, Irungo Udaleko Kultur saileko ordezkari Juncal Eizagirrek, parte hartuko duten abesbatzen ordezkariekin batera.
Orotara, 200 abeslari baino gehiago igoko dira Amaiako oholtza gainera. Aurten, Albada, Ametsa, Argoiak, Atzokoak, Bidasoaldekoak, Coro de Colores, Larreaundi eta Nayade abesbatzek hartuko dute parte. “Abesbatzen Eguna bizirik dago, inoiz baino gehiago”, adierazi du Eizagirrek.
Saioa doakoa izango da eta bertaratzeko gonbidapena eskuratu beharko dute interesdunek. Gonbidapenak turismo bulegoan izango dira eta sobratu ezkero, Amaia Kultur Zentroan jaso daitezkeela jakinarazi dute udaletik (emanaldia hasi baino ordubete lehenago).