Hondarribiko Talaia BHIn Euskararen Astea antolatzen ari dira. Hilaren 21etik 25era egingo dute, eta ikasleak, gurasoak eta irakasleak elkartu nahi dituzte jarduera berezi batean. Bost egunez, eta klaseko ordutegitik kanpo, hainbat ekintza egingo dituzte: hamaiketako osasuntsuen tailerra, skaterena JARTen eskutik, ginkana… eta solasaldi oso interesgarri bat, Zuriñe Hidalgo eta Pello Reparaz Hesian eta Vendetta musika taldeetako abeslariak, Mikel Orbañanos Ama Guadalupekoa traineruko entrenatzailea, eta Joseba Llorente futbolari ohia protagonista izango dituena.
Josune Labandibar zentroko Normalkuntza Tenikariak adierazi duenez, ohiturak iraultzea da helburua: “Gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astindu eta euskarazko komunikazioa uste baino gehiagotan posible dela frogatu nahi dugu. Hizkuntza ohiturak aldatzea norberaren hautua eta ariketa izan arren, bidea taldean eginez gero erosoagoa eta lagunduagoa izan daitekeela uste dugu”.
Gainera, euskararentzako gune eta testuinguru berriak landu nahi dituzte astean zehar, “euskara erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak, abegikorragoak eta babestuagoak, finean, euskaraz hitz egin nahi dutenentzako guneak”.
Iker Carrera dantzariak parte hartzeko deia luzatu die ikasle, irakasle eta gurasoei
Jarduerak eskola ordutik kanpo izango dira, hau da, parte hartzen dutenek ez dute klaserik galduko. Eta borondatekoak, baina izena ematea beharrezkoa da. Horretarako, institutuan banatu zaien galdetegi bat bete eta posta elektronikoz bidali beharko dute interesdunek. Hori, eta konpromiso bat hartu: euskaraz hitz egitea.
Jarduerak aurkezteko bideoan (
institutuko webgunean ikus daiteke), bertako ikasle izandako Iker Carrera dantzari eta
Fama a bailar telebista saioko irakasleak, eta Zuriñe Hidalgo abeslari eta telebista aurkezleak, Talaiako ikasle, irakasle eta gurasoak animatu dituzte jardueretan izena ematera.