Azken lau partidak galdu eta gero, jaitsieratik bi puntura jarri da Hondarribia Futbol Elkartea.
Azken lau partidetan zortzi puntu jan dizkio Urolak Hondarribia Futbol Elkarteari
Azken lau partidak galdu eta gero, jaitsieratik bi puntura jarri da Hondarribia Futbol Elkartea. Azken hilabetean Zumarraga-Urretxuko taldeak 8 puntu lortu ditu, eta bakar bat ere ez Hondarribiak. Horrek, ia ezerezean utzi du bien arteko aldea; bi puntukoa baino ez da orain.
Apirila erdialdean ia ezinezkoa zirudien arren, Urolaren salbatzeko aukerak izugarri handitu dira azken bolada onari esker. 29. jardunaldiaren aurretik bederatzi ziren jaisteko borrokan murgilduta zeuden taldeak, orain bi dira bakarrik, Urola eta Hondarribia, beste zazpiak dagoeneko salbatuta daude.
Alarma gorria piztu da Hondartza futbol zelaian, etxeko taldeak sei partida daramatzalako irabazi gabe. Sei partida horietan, gainera, 18 gol jaso ditu, eta 4 sartu. Egia da sailkapeneko talde indartsuen kontra jokatzea tokatu zaiola. Baina une honetan atzetik datorrenak ondo erakutsi du salbazioan sinisten duela, eta emaitzek sentsazio hori areagotu baino ez dute egin.
Lehen aukera, Mutrikun
Azken bi partidetan, Hondarribiak multzoko erdialdean dauden taldeen kontra jokatuko du, ezer jokoan ez dutenak. Hori dute alde berdeek. Urolak, aldiz, hirugarren postua defenditu eta bigarren izan nahi duen Tolosa izango du lehen aurkaria, eta jaitsita dagoen Touring, azken jardunaldian.
Ikusi sailkapena
Salbatzeko, Hondarribia FEk baino bi puntu gehiago lortu behar ditu Urolak, eta hori galarazi, Hondarribiko taldeak. Hurrengo asteburuan Hondarribiak irabaziko balu —Mutrikun jokatuko du—, eta Urolak berdindu ala galdu, Zumarragako taldea Erregionalera jaitsiko lirateke. Beste edozein emaitza emanez gero, azken jardunaldian erabakiko litzateke jaitsierako hirugarren postua.