Datorren igandean, 45. urteurrena behar bezala ospatzeko, dantza eta musikaz beteko dute San Juan plaza. 12:00etan hasiko dute emanaldia.
Kemen dantza taldeko kideak, iazko sanmartzialen hasieran.
Irungo Kemen dantza taldeak 45 urte beteko ditu aurten. 1973tik, hiriko kale eta txoko guztiak dantza eta musikaz bete dituzte taldeko kideek. Datorren igandean (hilak13), ia mende erdiko ibilbide luzearen ostean, behar bezala ospatuko dute urteurrena.
Azken asteetan gogor lan egin ondoren, dena prest dute iganderako. Dantza saio publikoa egingo dute, 12:00etan, San Juan plazan. Kemen dantza taldetik adierazi dutenez, ez dira oholtza gainera igoko, plazako zoruan bertan dantzatuko baitute denek, erromeria gisa. Belaunaldi ezberdinetako dantzari eta musikariek hartuko dute parte ekitaldian. Ordubete inguruko emanaldia izango da eta dantza taldean edota inguruan ibili izan den jende guztia animatu dute ospakizunean parte hartzera.