«Justiziarik ez dagoela pentsatzen jarraitzen dut»
2008ko sanferminetan hil zuten Nagore Laffage Casasolari omenaldia egingo diote igandean Irunen. Ia hamar urte igaro dira, eta oraindik justizia bila jarraitzen du amak.
2008ko sanferminetan hil zuten Nagore Laffage Casasolari omenaldia egingo diote igandean Irunen. Ia hamar urte igaro dira, eta oraindik justizia bila jarraitzen du amak.
Herritar talde batek omenaldi berezia egingo dio Nagoreri etzi. Herritarren babesa sumatu duzu? Beti sumatu dut jendearen sostengua. Herria beti nirekin egon da, Irun zein Iruñeko herritarrek dena eman dute nire eta kasuaren alde. Asko pozten nau herriko talde batek Nagoreri omenaldi berezia egiteak, oso ondo iruditzen zait. Uste dut garrantzitsua dela Nagoreri gertatutakoa gogoratzea, herriko jaiak gertu daudelako eta batez ere 2016ko sanferminetako bortxaketa kasua pil-pilean dagoelako. Zerbaitetan laguntzeko baliagarria baldin bada, oso garrantzitsua iruditzen zait. Jendeak zer ezin duen egin pentsaraztea premiazkoa da, asko eskertzen ditut horrelako keinuak. Ia hamar urte pasatu dira zure alabaren hilketa matxistatik. Nola definituko zenuke Nagoreren kasuan aplikatu duten justizia? Egia esan, lotsagarria iruditzen zait. Gero eta argiago dut, eta hasieratik pentsatu dut Nagorek ez duela justiziarik izan. Uste nuen hamar urtean egoera aldatuko zela, baina herri honetan justiziarik ez dagoela pentsatzen jarraitzen dut. Herri-epai bat horrelako epaiketatarako ez dela baliagarria pentsatzen dut, eta beste alde batera begiratu zutela orduan. Manada-ren kasuarekin ere justiziarik ez dagoela ikusi da. Hiru epaile izan dira oraingoan, eta konturatu naiz beste aldean ere ez dagoela justiziarik. Niretzako argi eta garbi bortxaketa bat izan zen, eta hitz hori esateko gai izan ez direla uste dut. Desilusio handiak eramaten ditut egungo justiziarekin. Jarraitzen dut pentsatzen Nagore hilda dagoela mutila ezagutzen zuelako, eta Manada-ren kasuko neska bizirik dagoela ez zielako aurre egin. Bost mutilei aurre egin izan balie, auskalo… Soilik 10 urte igaro dira, eta jada hiltzailea kalean dago, baldintzapeko askatasunean. Nola bizi duzu pertsonalki zuk egoera hori? Hori oso gaizki daramat. Psikologikoki zein mentalki momentu honetarako prestatzen joan naiz. Pilulak hartzen ditut egunero, hurrengo egunean jaiki ahal izateko. Gizon hori seigarren urtetik indultua eskatzen aritu zen, baina Iruñeko Andrea Lunes Lilas taldeak, ikaragarri lagundu didan taldeak, indultua eskatzen zuenean mobilizazioak egiten zituen. Uste dut bitan eskatu zuela indultua, espetxeratu eta 6 eta 8 urteetara zehazki. Ukatu egin zioten, baina nire abokatuak zioen bezala, izango zuen oihartzun mediatikoa dela eta. Hasieratik jakina zen 12 urte eta erdiko kondena erori zitzaiola. Ulertu gabe jarraitzen dut diru gehiago izateagatik, bi urte eta erdi gutxiago pasatzea kartzelan. Niri hark diru kopuru jakin bat pasatu behar izan zidan, baina nik hasieratik dirurik ez nuela nahi esaten nuen. Halere, abokatuak honakoa esaten zidan: ‘Asun, zuk ez baduzu nahi, hari bueltatuko diote dirua, eta entregatzeagatik soilik bi urte eta erdi kenduko dizkiote’. Orduan diruarekin geratu nintzen, abokatuaren kostuak ordaintzeko. Neska baten hilketa diruarekin ordaintzea oso bidegabea iruditzen zait. Nagoreren kasuan, hiltzailea diru gutxiko gizona izan balitz, hasieratik hilketa gisa epaituko lukete, eta ondorioz 20 urteko zigorra ezarriko liokete, horrekin zeharo sinetsita nago. Baina ez, homizidioa izan zen, eta 15 urte izan beharrean, dirua izateagatik, 12 urte eta erdiko espetxealdia izan du, bidegabea erabat. Nik banekien lehenago aterako zela kartzelatik, baina hiltzailea kalera ateratzen denean familiari ez abisatzea okerrena iruditzen zait. Iaz ohartu nintzen, kazetari baten bitartez, dagoeneko kalean zegoela. Ez da bidezkoa justiziak biktimei informazio hori ez helaraztea. Gero, psikiatra bezala lan egitea…. Joan den abenduan jakin nuen, sare sozialen bitartez. Sarean izan zen erantzuna ikaragarria iruditu zitzaidan. Aurrekari penalak dituen pertsona batek, esaterako, ezin du irakasle izan. Beste pertsona bat hil duena, psikiatra bezala lan egitea ezinezkoa duela uste dut, erakutsi duelako garuna ez duela batere ondo. Beste ogibide batean izan daiteke, baina psikiatra gisa ez, ez da justua. Azken hamar urteotan, ehunka kilometro zeharkatu dituzu, indarkeria matxistaren inguruko txarlak eskainiz. Nolakoa izan da esperientzia? Batez ere Nafarroa zeharkatu dut. Hemen, Gipuzkoan, Irungo ikastetxe guztietan eta Lezo Institutuan izan naiz. Oso atsegingarria izan da esperientzia. Nagoreren dokumentala proiektatu ondoren, ikasleekin solasaldi moduko bat egiten dugu eta bertan nahi dutenaz hitz egiten dugu. Mezua iristen zaiela ikusten dut. Benetako istorio bat kontatzen dut, eta ikasleek arreta jartzen dute. Gazteek primeran erantzuten dute. Lehen gehienbat neskek hartzen zuten hitza solasaldi horietan, baina orain mutilek ere galderak egiten dituzte, gero eta identifikatuago sentitzen dira. Mugimendu feministak gero eta indar handiagoa lortu du azken urteotan. Indarkeria matxistaren aurkako jarrera eta kontzientziazioa orokortzen ari dela uste duzu? Bai, egia da, gero eta orokortuago dago. Eta ez bakarrik emakumeen artean, gizon askotan ere ikusten da. Eman beharreko pausua dela uste dut. Gizarte hau pixka bat aldatzeko, kontzientzia beharrezkoa da. Manada edota Nagoreren kasuan, ezetz esateagatik hori gertatzea ezinezkoa izan beharko luke. Ez ezetz dela kontzientziatu behar da, bai neska eta mutilen artean. Oso argi dut denak berdinak izan behar garela.«Neska baten hilketa diruarekin ordaintzea oso bidegabea da»Joan den martxoaren 8an Irungo emakumeek indar erakustaldi ikaragarria egin zuten, 8.000 lagun baino gehiago elkartu ziren manifestazioan. Emakumeok kalera atera behar dugula uste dut. Egia da gizarte oso eroso batean bizi garela, eta ni neu jartzen naiz adibide gisa, Nagorerena gertatu ez balitz, agian eroso bizi den horietakoa izango nintzatekeelako. Kalera ateratzen hasi behar dugu, mobilizatzera, eta denak berdinak garela oihukatzera. Primeran iruditzen zait emakume edota adibidez jubilatuak kalera ateratzea. Kalera ateratzen gutxi lortuko da, baina etxean geratuta are gutxiago. Hirugarrenez jarraian, Asun Casasola ipuin lehiaketa egin dute aurten. Zer suposatzen du zuretzat lehiaketa horrek? Sekulakoa iruditzen zait ipuin laburren lehiaketa. Antolatzaile lanetan dabiltzan Txingudi Anti Sexistako neskek berdintasunaren alde ikaragarrizko lana egiten dutela uste dut. Orain dela hiru urte ekin zioten egitasmoari, indarkeria matxistaren inguruko gogoeta egitea eta jendeak hitz egin eta iritzia eman ahal izatea ahalbidetu dute. Jendeak ipuin oso politak bidaltzen ditu. Hamar bat emango nieke euren lanarengatik, asko maite ditut neska horiek. Ni mundu honetan egotea normala da, bizitzea tokatu zaidalako, baina jende gazteak gauza hauetarako denbora dedikatzeak liluratu egiten nau.
«Hiltzailea diru gutxiko gizona izango balitz, hilketa bezala epaituko lukete»Manada-ren kasuaren epaiaren erabakiaren kontrako elkarretaratzeetan izan zara. Zergatik? Iruñeko elkarretaratzean izan nintzen. Asun Casasolak justizian sinisteko beharra zuen, orain dela hamar urte utzi baitzuen justizian sinisten. Gizartearen zutabe bat da justizia. Herritarrek pentsatu behar dute norbaitek zerbait gaizki eginez gero, babestuak izango direla. Baina, ni orain dela hamar urte ohartu nintzen egoera ez dela horrela, justizia oso klasista dela, eta ez naiz ezta une bakar batean ere justiziarengatik babestua sentitu. Iruñeko elkarretaratzera Manada-ren kasuko neska sinisten nuelako joan nintzen, konbentzituta nago. Askotan komentatu dut lagunen artean, noizbait bortxaketa saiakera bat pairatu izatekotan, nik ez niekeela aurre egingo bortxatzaileei, zoritxarrez, hiltzeko aukera dagoelako. Orain ulertzen dut Nagorek ezetz esan ziola gizona ezagutzen zuelako, lagunak zirelako. Baina, ezezagun batekin, blokeatu egiten zara, eta pentsatzen duzu: ‘Azkar buka dadila hau, eta bizirik utz nazala, mesedez’. Gainera bost gizonekin… Neskarentzat izugarria izan zela imajinatzen dut. Nagoreren epaiketan, epaile batek honakoa galdetu zidan: ‘Zure alabak asko ligatzen du?’. Nor ari ziren epaitzen orduan? Nagore epaitzen ari ziren, ez hiltzailea. Manada-ren kasuko neskarekin gauza berbera egin dute. Neskaren jarrera begiratzen ari dira, gaiztoak gizonak izan direnean. Lortu behar dugu neskek denuntziak egitea, seguru sentitzea justiziak ustez babestuko dituelako. Ezin ditugu babesik gabe utzi, horregatik atera behar gara kalera. Asko gustatzen zait ikustea gizarteak erantzuten duela, jendeak egoera aldatu nahi duela. Ozen esan behar dugu ez dela eraso bat izan, bortxaketa baizik. Nagoreren kasua bezala, hilketa izan zen eta listo. Nire bizitzarekin jarraitzen saiatzen naiz, eta nire hondar alearekin, gizartea pixka bat hobetzen.
«‘Manada’-ren kasuan neskaren jarrera begiratzen ari dira, ez gizonena»Mezuren bat egungo neska-mutil gazteentzat? Neska-mutilak kalera ateratzea nahi dut, ondo pasa dezatela, baina argi izan behar dute ondokoa errespetatu behar dutela. Bakoitzak, aske, nahi duena egin dezala, baina beti errespetuz. Indarkeria matxistarik gabeko gizartea eraikitzeko, lehenik, familian seme-alabak berdinak direla irakatsi behar da.