Kirolariak hainbat probatan lehiatu ziren joan den asteburuan. Ur bizietako zein aulki mugikorreko sekzioek emaitza onak eskuratu dituzte.
Ur bizietako kirolariak, Paben.
Santiagotarrak elkarteko kirolariak hainbat probatan lehiatu ziren joan den asteburuan. Ur bizietako zein aulki mugikorreko sekzioak emaitza onekin bueltatu dira Irunera.
Joan den larunbatean (hilak 5), ur bizietako eslalon olinpikoaren nazioarteko egutegiko probetan lehiatuko diren partaideak aukeratzeko selekzio probak egin zituzten Paben, eta bertan, Santiagotarrakeko Joan Crespo eta Klara Olazabalek, estatuko taldeetan sartzea lortu zuten (Crespok K1ean eta Olazabal C1ean). Haiekin batera, Telmo Olazabal eta Daniel Gamboa ere lehiatu ziren, baina ez zuten lehen postuetan sailkatzeko aukerarik izan.
Era berean, aulki mugikorreko kirolariek Libourneko Nazioarteko Estropada jokatu zuten, larunbat eta igandean. Pablo Martinez eta Julen Lasartek lehenengo postuak eskuratu zituzten, scull bikoitzeko gizonezkoen kadete kategorian; Osertz Gonzalez eta Ander Lagazkuek ere urrezko domina irabazi zuten, gizonezkoen scull absolutuan. Gainera, Aitzpea Gonzalez, Nerea Lasarte, Ane Macos, Jesica Berra, Ainhoa Zapiain, Amaiur Etxeberria, Osertz Gonzalez, Mikel Aragon, Jokin Indias, Ander Legazkue, Garazi Lasarte, Lorea Etxart, Irati Iñarra eta Elene Lopetegik finalera iristea lortu zuten, garaipenik lortu ez arren.
Joan den asteko lehiaketez gain, Santiagotarrakeko piraguistak II. Espainiako Maratoi Kopan lehiatuko dira datorren asteburuan (larunbat eta igandean), Pontevedran. Bertan, 22 palista izango dira, K1 zein K2 kategorietakoak.