Datorren hilaren 12an (larunbata) egingo dute dastaketa. Orotara, 21 sagardotegik eskainiko dute euren zukua, 4.000 sagardo botila eskainiz.
Aurten ere Urdanibia plazan egingo dute Sagardo Eguna.
Datorren hilaren 12an (larunbata), urteko sagardo uzta dastatzeko aukera izango dute irundarrek, XXIII. Sagardo Egunean: 18:00etan hasiko da sagarraren zukuaren festa, Urdanibia plazan.
Taupadak Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatutako festa gaur aurkeztu dute Irungo Ola Sagardotegian. Bertan, alkate Jose Antonio Santanorekin batera, GKEaren zuzendari Fernando de la Hera, Ola Sagardotegiko jabe Iñaki Bengoetxea eta hiriko gastronomia elkarteen ordezkariak izan dira.
Urdanibia plazan egingo dute dastaketa. Horretarako, orotara, 21 sagardotegik 4.000 sagardo botila eskainiko dituzte. Ohikoa den bezala, edalontzia, zapia eta pintxoa eskuratzeko, 6 euro ordaindu beharko dituzte irundarrek. Udaletik jakinarazi dutenez, 3.000 edalontzi inguru banatzea aurreikusten dute. Sagardoaz gain, hiriko hamabi elkarteko kideak izango dira aurtengo sagardoaren festan zerbitzari eta sukaldari lanak egiten.
Era berean, zozketa berezia egingo dute aurten. Euro baten truke zozketan parte hartuko dute herritarrek. Partaide guztien artean, Ola jatetxe zein sagardotegian bi pertsonentzako afaria zozketatuko dute. Gainera, 20 sagardo botila ere zozketatuko dituzte egunean bertan.
Gaurko aurkezpenaren irudia.