Faisaien Uharteak urtean bitan Irun eta Hendaia artean egiten duen jauzia baliatu du Oier Gil artista irundarrak bere azken lana sortzeko. 'Crossby' izena jarri dio.
Oier Gil. Atzean ageri da Faisaien Uhartea.
Bidasoa ibaiak banatzen ditu Irun eta Hendaia. Irla txiki bat dago Behobia auzoan bertan, ezohiko irla bat: munduko kondominio txikiena da,
Faisaien Uhartea izenez aski ezaguna. Horixe da Irun eta Hendaiako txokorik txikiena. Sei hilabetean behin, Hendaiako eta Irungo udalek txandakatu egiten dute irlaren agintea, eta erakunde bakoitzak urte erdiz kudeatzen du eremua. Urtarrilaren 31n, Irunen esku geratzen da, eta uztailaren 31n, Hendaiaren esku.
Uharteak marrazten duen aldaketa hori izan da Oier Gil artista irundarraren azken egitasmoaren mamia. Gilek maiz jorratu izan du arte kontzeptuala, eta, oraingoan, aitorpen berezia egingo dio etxetik gertu duen irla kutunari; kondomeinuari buruzko gogoeta artistikoa egin nahi izan du azken proiektuan: “Metafisikoki edo kontzeptualki aztertuta, Irunen inposatua dugun muga horrek niretzat zer esanahi duen ulertzen saiatu naiz”. Artistikoki islatu nahi izan du uharteak mugaren alde batetik bestera egiten duen saltoa, eta
Crossby izena jarri dio momentu horri otoi egiten dion artelanari.
Proiektu berria erabat definitu eta landu aurretik, “zero fase bat” izan zela argitu du irundarrak. Iaz, udarako aldaketa momentu horretan, lagun batzuekin bertaratu zen Bidasoa ibaia bitan zatitzen duen eremura. Bideokamera batekin grabatu zuen aldaketaren unea, eta bideo ikusgarri bat egin zuen. “Artearen bitartez, kontzeptualki,
Crossby momentuan sortzen den zirrikitu horretan sartu nahi genuen”. Harentzat “laborategiko unea” izan zen hura, aurrerago landuko zuen proiektua behar bezala diseinatzen hasteko pausoa. Lehen esperientzia artistiko horren barruan sortu zuen proiektu berria, eta, aurtengo muga aldaketa aprobetxatuz, egitasmoa jorratzeari ekin zion irundarrak.
Hiru ekintza nagusi baliatuta askotariko arte teknikak elkartzen dituen lana da
Crossby. Performance bat izan da lehen arte ekintza. Gilek zehaztu duenez, “muga ehizatzea edo harrapatzea”, horixe izan da esperientzia artistiko horren lehen erronka. Hala, Faisaien Uhartean izan zen joan den urtarrilaren 31n. “Mugitu gabe, nik muga zeharkatu beharrean, mugak zeharkatu ninduen ni”. Gilek argitu du tankera horretako zerbait ikus daitekeen “munduko toki bakarra” dela uhartea, eta momentu hura bizitzea “berezia” izan zela.
Artista gazteak argazkigintza landu du bigarren ekintza egiteko. “Mugaz gaindiko argazki bat” nahi zuen Gilek, eta argazki kameraren teknika zehatz bat erabili du hori lortu ahal izateko: “Egun batean, 00:00ak baino lehen, kameraren obturadorea edo estaltzailea ireki nuen esposizio luzeko argazki bat egiteko, eta itxi egin nuen ondoren”. Teknika horri esker, argazki eta une bakar batean islatu ditu bi eremu politikoak. “Gizakiak sortzen duen muga bat dela irudikatu nahi izan dut argazki baten bidez”.
Mugaz gaindiko artelanaren hirugarren eta azken fasean lanean ari da oraindik. Zehaztu duenez, mugaz gaindiko materiala sortu nahi du. Horretarako, mugaren marra imajinario horretan, Faisaien Uhartetik materiala biltzen aritu da, egurra eta harriak batik bat. 3D inprimagailuekin lan egiten duen Irungo enpresa batekin egiten ari da azken prozesua —jada bidalita dauka material guztia—. 3D teknologia baliatuta, materiala hauts bihurtu, polimero natural eta ekologiko batzuekin nahastu, eta material berri hori sortzea da erronka.
Faisaien Uhartea “leku kutuna” duen arren, egungo mugen aurkako jarrera plazaratu du artistak: “Nik gorroto ditut mugak, nire ustez indarkeria irudikatzen dutelako azken finean”. Muga asko daude artistaren ustez: muga politikoak, hizkuntzen arteko mugak, muga naturalak… Eta Irungo Behobia auzoan “den-denak” elkartzen direla nabarmendu du.
Bilbo Arte fundazioak emandako beka bati esker jorratu du Gilek
Crossby proiektua. Interesa daukaten guztiek fundazioak berak egingo duen erakusketan ikusi ahal izango dute lanaren emaitza. Abenduan izango dela adierazi du Gilek, baina data, oraindik, ez daukate erabat zehaztuta. Formatu berezi batean, hiru ekintza horiek batera ikusteko aukera izango da bertan.
Sortzaileak garrantzi berezia eman dio ibilbide motz eta, era berean, luze horren emaitzari. Eta ideia horri segika Alemania, AEBak, Ekuador… ia mundu erdia zeharkatu ostean, iritziak eta kritikak jasotzea “beharrezkoa” dela uste du: “Edozein hausnarketa estetiko plazaratzean, jendearen
feedback hori jaso nahi izaten dut; niretzat oso garrantzitsua da prozesu hori”.
Bestelako lan batzuk ere bai
Crossby proiektuarekin buru-belarri lanean aritu arren, bestelako egitasmoetarako ere badauka tartea Gilek. Irungo Bitamine Faktorian egiten du lan artistak, eta KBK Kontrabandistak proiektuarekin ere elkarlanean ari da gaur egun. Hura “mugaz gaindiko lehen proiektua” izan zela adierazi du irundarrak, eta, garai bateko lanbideari erreferentzia eginez, proiektu horrekin “kultur kontrabandoa” egin nahi dutela gaineratu du.
Hala, ideia horri segika, paperezko zenbait aldizkari kaleratu dituzte azken hilabeteotan, eta garai bateko teknika erabili nahi dute herritarrek, eskuz esku, batak besteari argitalpen horiek elkarri pasatzeko.