Irungo CAFeko langileek amiantoarekin lotutako gaixotasunen bat detektatzen den unetik hori gaixotasun profesionaltzat hartzeko eskatu dute.
San Juan plazan elkarretaratzea egin dute.
Irungo CAF enpresako langileak kalera atera dira gaur. 9:00etatik 11:00ak bitarte, lanuztea egin dute, eta une hori probestuz, manifestazio gisa bideratu dira San Juan plazara. Bertan, azken hamarkadetan amiantoarengatik gaixotu eta hildako langileak gogoratu dituzte, eta horrez gain, zenbait eskaera egin dizkiote CAFi.
2018. urtea hasi zenetik, Beasaingo CAF enpresan lau langile hil direla gogoratu dute lehenik, eta horiez gain, langile mordoari gaixotasunen bat detektatu diotela. Euskal Herrian bakarrik, amiantoarekin lan egiteagatik 25.000 langile hil direla salatu dute eta aurten 14 langile zendu direla. Horrez gain, 2016an 29 eta 2017an 22 langile hil zirela gogoratu dute. Hildako zein gaixoen kopuruak “etenik ez duela” adierazi dute, administrazio publiko, enpresa buruek eta mutuek benetako inpaktua “ezkutatu” dutela. Horregatik, kaltea “modu errealean” kontabilizatzeko exijitu dute gaur.
“Urteak daramatzagu lanean eta zuzendaritzari eta erakunde publikoei neurriak eskatzen”, adierazi dute. Sindikatuek egindako lanari esker Beasainen 550 eta Irunen 50 lankide amiantoarekin kontaktuan egon ahal izan direla salatu dute. Horregatik guztiagatik, ondorengo eskaerak egin dituzte: “eskatzen dugu zerrenda makabro horretan dagoen edozein lankideri amiantoarekin lotutako gaixotasunen bat detektatzen dioten unetik hori gaixotasun profesionaltzat hartzeko, amiantoarekin lan egin izanagatik eragindako kaltea onartzeko kalte-ordaina emateko, bide judizialak abiarazteko inolako beharrik gabe”.
Elkarretaratzea amaitu ostean, Irungo CAF enpresara bideratu dira manifestazioan.
Manifestazioa egin dute Irungo Colon pasealekutik CAFera.