Bihar, 9:00etatik 11:00etara bitarte, lanuztea eta manifestazioa egingo dute Irungo kaleetan barrena, hildako 81 langileak gogoratzeko.
Joan den martxoan amiantoagatik minbizia pairatzen duen langilearen aldeko elkarretaratzea.
Amiantoarekin lan egitearen ondorioz hildakoak izan diren CAFeko langileak gogoratuko dituzte bihar (hilak 27) Irungo langileek. Era berean, egoerak berdin jarraitzen duela gogor salatuko dute, hildako zein gaixotutako langileen egoera ez dela aldatu.
Horretarako, 9:00etatik 11:00etara lanuztea deituko dute. Bitarte horretan, 9:30tatik 10:30tara zehazki, CAFetik manifestazio gisan Irungo kaleak zeharkatuko dituzte, 10:00etan Irungo udaletxean adierazpen bat irakurtzeko.
Irungo CAF Enpresa Batzordetik adierazi dutenez, 81 langile hil dira CAFen amianto manipulatzearen ondorioz (35 Beasainen, 45 Zaragozan eta 1 Irunen). “Nahastuta dauden enpresen jarrera” salatu nahi izan dute, gaixo edota hildakoengatik indemnizazioak eskatzeko “oztopoak” jartzen dituztelako euren aburuz. Horrez gain, administrazioaren “jarrera itxia” kritikatu dute, biktimak laguntzeko bideak “zaildu” dituela, eta Europako bestelako herrialdeetan funtzionatzen duten konpentsazio fondo baten sorrerari “eragozpenak” jarri dizkiotela. Biktimekiko errekonozimendua “berandu” datorrela ere salatu dute.