Datorren ostiralean (hilak 28), Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak antolatutako karabanak, Irundik atera ostean, Euskal Herria zeharkatuko du.
Iazko karabanaren irudia, Irungo Santiago zubi inguruan. Argazkia: Josetxo Arrieta.
Datorren larunbatean (hilak 28), Ongi Etorri Errefuxiatuak antolatutako Mugak Zabalduz karabana Irundik hasiko du ibilbidea. Asteburuan zehar, errefuxiatu eta migratzaileei elkartasuna adierazteko baliatuko dute, milaka pertsonek pairatzen duten egoera salatzeko.
Bidasoa izango da karabana horren lehen geltokia. Horrela, larunbatean, 10:30ean Santiago zubitik abiatuko dira partaideak, 11:00etan Hendaiako Atzerritarren Erretentzio Zentroan elkarretaratzea egiteko. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, zentroa hilaren 3an ireki dute, eta tankera horrelako zentroak ixtea exijituko dute. Era berean, giza katea osatuko dute Irun aldera, Santiago zubitik. 12:00etan, berriz, prentsaurreko ofiziala egingo dute, Euskal Herria zeharkatuko duen karabanari hasiera emateko. Bidasotik pasatu ostean, karabana Andoain aldera bideratuko da. Ondorengoa da bertan antolatu duten egitaraua:
- 13:00etan, Sapa enpresaren aurrean elkarretaratzea egingo dute.
- 13:30ean, Kalejira egingo dute Andoainera.
- 14:00etan, Andoaingo udaletxetik kalejira egingo dute, Zumea plazan amaitzeko.
Gipuzkoako bi udalerriak zapaldu ostean, Mugak Zapalduz karabanak Bizkaira egingo du jauzia, ondoren, larunbat eta igandean zehar (hilak 28 eta 29), Euskal Herriko zenbait herri eta hiri zeharkatzeko.