Bidasoa XXI igeriketa taldeak Absolutu Mailako Euskal Herriko Kopa maila izugarri altua azaldu du. Gizonak irabazle, eta emakumeak bigarren.
Bidasoa XXI taldekoen argazkia, probak bukatuta, pozik.
Etxean, Azken Portu kirolguneko igerilekuan, erakustaldia eman zuen asteburuan Bidasoa XXI igeriketa taldeak. Euskal Herriko Kopa zegoen jokoan, Absolutu Mailakoa, eta bertan, gizonetan erraz asko eta erakustaldiarekin bidasoarrak nagusi izan ziren, eta emakumeak sorpresa ematear izan ziren. Lan bikaina bi taldeena.
Indar erakustaldia. Hori Bidasoa XXIen gizonen taldeak etxean egin zuena. Bertan jokoan izan ziren 23 probetatik, 20 irabazi zituzten. Baina arrakasta garaipenen kopurutik harago doa, igerilariek ezarritako markak oso onak izan zirelako. “Konpetizio osoan ez zuten akatsik egin, eta igerilari gehienek marka pertsonalak hobetu zituzten”, esan dute Bidasoa XXIeko kideek. Norbait nabarmentzekotan, Unai Arruabarrena —bular igeriketan eta 400 libretan— Oskitz eta Aritz Aguilar —crolean den-dena irabazi zuten—, edo Ion Mugika eta Ander Arruabarrena —bizkar estiloan nahiz estiloetan—, edo bularrean nagusitasun osoa azaldu zuen Alejandro Lopez aipatu dituzte klubeko kideek. Errelebotako bost lehiak irabazi egin zituzten bidasoarrek. Hortaz, sailkapen nagusian 717 puntu lortu zituen gizonen taldeak, eta bigarren izan zen Getxok, berriz, 510,5. Esanguratsua, oso, aldea.
Emakumeetan aldez aurretik zekiten Bidasoa XXIekoek lan zaila zutela. Aurreko markek zioten taldea hirugarren postuan gelditzeko gai zela; gainera, lesioagatik bajaren bat bazuten. Hala ere, lehen jardunaldian —larunbatekoa— lehen postuan bukatu zuten, eta sailkapen nagusiko garaipenak azken egunean, azken erreleboko azken metroan ihes egin zien. Hala, puntu erdiagatik, bigarren izan ziren bertako igerilariak. Bikain hala ere. Bidasoa XXIeko kideek bereziki nabarmendu dituzte Catalina Corro —lau garaipen lortu zituen, 200 bularretan Euskadiko errekorra barne— Amaya Zendoia —bi garaipen— edo Maialen Saez. Bost erreleboetatik hirutan lortu zuten garaipena emakumeek.