Sinadura bilketa amaitzeko astebete falta den arren, dagoeneko 3.000 sinadura baino gehiago eskuratu dituzte boluntarioek. Herritarren %5ak babestu du galdeketa.
Otsailaren 18tik 3.302 sinadura bildu dituzte boluntarioek.
Irungo Hartu Hitza plataformaren herri kontsultak dagoeneko herritarren %5aren babesa jaso du, 3.302 sinadura lortuz. Helburua 3.000 sinadurako langara iristea zen, eta dagoeneko herri galdeketa egiteko behar zuten bermea jaso du plataformak (oraindik astebete falta da sinadura bilketa amaitzeko).
Joan den otsailaren 18an ekin zioten sinadura bilketari, hiriko auzo eta plaza esanguratsuenetan. Plataformatik “esker beronak” helarazi nahi izan dizkiete sinatu duten irundarrei: “zifra hau ez genuke lortuko denok indarrak batu eta zubiak eraiki izango ez bagenitu”. Herritarrei eskertzeaz gain, azpiegiturak prestatzeko lagundu duten erakunde, enpresa eta pertsonei ere eskerrak eman nahi izan dizkiete.
Irungo herri galdeketa azaroaren 18an egingo dute, eta ordura bitarte, galdera adostea izango da helburua. Horretarako, herritarrek prozesuan parte hartzea nahi dute Hartu Hitzatik.