Liburuak eta diskoak ari dira desagertzen, eta herriko leku desberdinetan agertzen. Jarraitu gertakaria twitterren, #BCHliburutegia2018 traolan.

Umberto Ecoren ‘The name of the rose’, turismo bulegoaren kanpoaldean agertu da
Goizeko lehen ordutik liburu falta sumatu dute Hondarribiko liburutegian. Zuloaga Etxetik desagertzen ari dira liburuak, eta beste nonbaiten azaldu. Umberto Ecoren
The name of the rose Arma Plazako turismo bulegoan agertu da,
Babe, el cerdito valiente Satarka eskolaren pareko trenaren parkean… Biek mezu berbera daukate idatzita: “Ez nago galduta, bidaiatzea gustatzen zait”. Kote Guevara liburuzainak eman ditu datuak “momentuz gutxi dira, baina ostirala bitarte 40 liburu eta disko izango dira faltako direnak”.
Baina nola da posible? Guevarak eman digu erantzuna: “Liburuaren Egunarekin zerbait egin nahi genuen, eta liburuak eta diskoak askatzea erabaki dugu. 40 askatuko ditugu guztira”. Bookcrossing jarduera da liburutegiak liburuaren asterako antolatu dituen ekitaldietatik deigarriena. Euskara, gaztelania eta ingelesezko lanak askatuko dituzte, eta herriko leku desberdinetan utzi. Eta, liburu edo disko bat askatzen duten unean bertan, zein eta non askatu duten jakiteko aukera dago twitter bidez (jarraitu
#BCHliburutegia2018).
Baten bat aurkitzen duenak, irakurtzeko hartu, eta berriro askatzea nahi dute liburutegiko langileek, “ahalik eta ibilbide luzeena egin dezaten”. Gainera, berriro askatu aurretik zerbait idazteko eskatu diote irakurleari, “liburuak edo bideoak egin duen bidea ahalik eta hoberen zehazte aldera”.
Ipuin kontaketa, asteartean
Bookcrossingaz aparte, mugimendu dezente izango da aste honetan liburutegian. Gaur goizean eskoletatik hiru talde joan zaizkie, Egiluzeko (San Jose) LH3ko umeak eta Talaia institutuko Yoseba Peñaren literatura tailerreko ikasleak bisita gidatua egitera, eta zentro bereko beste ikasle multzo bat, irakurketa bat egitera hurbildu direnak. Astean zehar bisita gehiago espero dituztela erantsi du liburuzainak, “Egiluzeko ikasle gehiagorena, Kasino Zaharrekoak eta Nagusilaneko boluntarioak elkarrekin etorriko zaizkigu”
Eta horiez gain, hileko azken astea izanik, ipuin-kontaketa saioa izango da Zuloaga Etxean, baina egunez aldatuta. Asteazkena San Marko Eguna denez, asteartera aurreratu dute Lupe Lekuonaren saioa. Ohi bezala, 4-7 urte bitarteko haurrentzako izango da Lekuonaren kontaketa.