Jose Antonio Santano Irungo alkateak ETAk zabaldu berri duen agiriaren gaineko balorazioa egin du. Iragana ahaztu gabe, etorkizunaz mintzo da.
Jose Antonio Santano.
Irungo alkate Jose Antonio Santanok gaur ETAk
Berria eta Gara egunkarien bidez zabaldu duen agiriaren gaineko iritzia eman du. Agiri horreko ETAren “justifikazioetatik asko onartezinak” direla esan du, baina “alde positiboarekin” nahiago duela gelditu adierazi du, “etorkizunera begiratzeko garaia da, sufritu dugun guztia ahaztu gabe”.
ETAren urratsa “min eta sufrimenduzko urte asko” atzean uzteko bidean dagoela zehaztu du, “espero dugu adierazpen hori izatea ETAren disoluzioaren aurrekoa, azken helburua behin betiko desagertzea baita”. “Inoiz ere gertatu behar ez zen” zerbait da ETAren jarduna alkatearentzat, “eta gure memorian biktima guztien eta haien aitortza mantendu behar da, terrorismoaren basakeriak eragindako mina ezin da ahaztu”.
Etorkizunean gizarteak izan behar duela protagonismoa uste du Santanok, “denen artean elkarbizitzaren eta elkarrizketaren balioak indartu behar ditugu, bakearekin dugun konpromisoa oso present mantenduz, indarkeriaren bideak ez baitu sufrimendua besterik eragiten”.