PSE-EEri gezurrik ez esateko eskatu diote gaur, 2017ko aurrekontuetan sei milioi euroko etekin positiboa izan beharrean, 26 izan direlako.
Melida eta Soto, gaurko agerraldian.
Joan den apirilean, Irungo Udalak 2017ko udal kontuen likidazioa egin zuen, eta emaitzen arabera, sei milioiko etekin positiboarekin bukatu zuten urtea. Gaur, Irungo Si Se Puede eta EH Bilduk agerraldia egin dute, likidazioari buruz “kezkatzen” dituen zenbait datu aztertu dituzte.
“Udal gobernua bere kudeaketa, bere gaizki izendatutako superabita eta bere aurreikuspen gaitasuna harrokeriaz defendatzera ateratzen den bitartean, hemen gauden bi taldeok ezgaitasun nabarmena, kudeatu gabeko partidak eta aurreikuspen falta ikusten dugu”, adierazi dute SPIko David Soto eta EH Bilduko Jokin Melidak.
Adierazpen horiek argudiatzeko, 2016ko datuak iazkoekin alderatu dituzte. Horrela, 2016an aurrekontuen %78,36a exekutatu zen bitartean, 2017an %70,94ekoa izan dela argudiatu dute. Sotok adierazi dutenez, exekutatu gabeko dirua bizitza baldintzak hobetzeko ez da baliagarria izan, eta hortaz, “aurreikuspen txarra” egin dutela eta udalak aurrekontuak kudeatzeko izan duen “ezgaitasuna” nabarmendu du.
26 milioi soberan
Melidak azken bi urteotako diru sarrerak aztertu ditu lehenik. 2016an %84,89koa izan zela adierazi du, 2017koa %76,23koa izan den bitartean. Jaitsiera hori oraindik esplikatu ez izana leporatu dio udal gobernuari bozeramaileak. Ondorioz, urte guztian zehar gastatu den dirua kudeatu ondoren, 26 milioi euroko soberakina ageri dela salatu dute bi alderdiek. Horregatik, “2017ko partidak edo ez dira exekutatu, edo aurreikusita zegoena baino gutxiago gastatu da”, adierazi du.
Likidazioa egiterako momentuan “soberakinaren inkorporazioa” eman dela kritikatu dute bi bozeramaileek, 26 miloi horiek “agerian ez gelditzeko”. Alkate Jose Antonio Santano eta Ogasun ordezkari Miguel Angel Paezi gezurrik ez esateko eskatu diote gaur, sei milioiko etekin positiboa izan beharrean, guztira, 26 izan direlako. Udalak kudeaketa “arrakastatsua” bezala definitu izana leporatu diote, eta gastatu edo inbertitu ez den diru hori, oraindik exekutatzeko dagoela edo “kaxoian” gorde dutela. “Gastatu ez den euro bakoitza erabili ez den dirua da”, adierazi du Sotok, Irunek dituen beharrei erreferentzia eginez.
Amaitzeko, Melidak ondorengo gogoeta utzi du: “Guztiok hilaren bukaerara itota iristen garen bitartean, gure inguruko elkarte eta taldeetan ekimenak aurrera eraman ezinean daudenean, Irungo Udalari 26 milioi sobratzen zaizkio”. Halere biek onartu dute milioi horietan “kasuistika zabala” dagoela, baina horietatik “milioi asko kontratuen prezioen jaitsieraren kontura” izan direla salatu dute, “euren lan baldintzak erabat prekarizatuta ikusten dituzten” bitartean.