Maiatzaren Lehenaren aurretik, hitzaldi zikloa antolatu du Oarsoaldea eta Bidasoko herrietan LABek, eta horien berri ere eman du gaurko agerraldian.
Oarso Bidasoko LABerko delegatuek agerraldia egin dute gaur Maiatzaren Lehenaren harira.
Maiatzaren Lehenera begira jarri da Oarso Bidasoko LAB sindikatua, eta horren harira Langileen Nazioarteko Egunean bertan Irunen deitu duen manifestazioa aurkezteko agerraldia egin du gaur Irunen. Maiatzaren Lehenaren aurretik, ordea, hitzaldi zikloa antolatu du Oarsoaldea eta Bidasoko herrietan sindikatu abertzaleak eta horien berri ere eman du gaurko agerraldian. Helburua, langileak plazara ateratzea dela esan du, eta hitzaldietan etxeko zaintzan ari diren langileak eta pentsiodunak protagonista bihurtu, eta feminismoa eta prekarietatea jarriko ditu mahai gainean.
Gogor salatu du Ibex 35a, “eliteen mesedetan agintzen du, eta kapitalak prekarietatea zabaltzen du gure lan eta bizitzetan. Mendean gaituzten bi estatu antidemokratikoak, inboluzio sozial eta politikoan murgilduta daude, hamarkadetan lortutakoak kolokan jarriz”. Horren adibiderik ez dela tamalez falta Oarsoaldea eta Bidasoan gaineratu dute gaurko agerraldian bildu diren LABeko delegatuek: “Hilabete honetan bertan, hamaika murrizketa zein kaleratzeei egin behar izan diegu aurre, azkenak, Oiartzungo Geka enpresan izandako bost kaleratzeak izan dira”.
Espedientea Ruedas Roar enpresan
Hori gutxi balitz, Errenteriako Egiburuberri industria gunean kokatuta dagoen Ruedas Roar enpresak langileen erdia kaleratzeko espedientea aurkeztu berri duela jakinarazi du sindikatuak, “eta bitartean, ekonomiak hobera egin duela saldu nahi digute”.
“Lan, bizi eta herri duina” dituela helburu esan du LABek: “Ekintza sindikalaren bidez borrokatuko dugun lan duina, prekarietatearen kontra eta enpleguaren defentsan borrokak piztuz, langile borroka indartzera goaz”. Gaur bertan, Ruedas Roar enpresako langileek mobilizazioa egin dutela jakinarazi du, eta babesa eta indarra helarazi diete agerraldian bildutakoek. Bizi duinaren alde egiteko, berriz herritarren gehiengoaren aldeko politikak egin ditzatela exijitu die erakundeei. Zentralizazioa edo subiranotasuna, 155a edo demokrazia, “erdibiderik” ez dagoela erantsi du herri duina eraikitzeko.
Ezkerretik eta feminismotik erabaki nahi dutela esan du, bestalde LABek, “eredu sozial eta ekonomiko berria nahi eta behar dugulako. Horregatik aldarrikatzen dugu burujabetza”. Aldarrikapen laboral eta sozial komunen inguruan “indarrak biltzeko” garai dela–eta, “merkatuak bazterrean dituenak” erdigunean jartzekoa ere gaineratu du LABek, “horregatik Maiatzaren Lehenaren aurretik antolatu ditugu hitzaldiak gure bizitza sustengatzen duten langile horiek plazara atera asmoz”.
Hitzaldi sorta horren lehena, gaur izango da, Errenteria-Oreretako Xenpelar Etxean 18:30ean. Zaintza lanetan ari direnen testigantzak izango dira bertan aztergai. Pentsiodunek hartuko dute lekukoa, bihar ostirala, 18:30ean Oiartzungo bibliotekan egingo duten hitzaldian. Hirugarren hitzaldia, berriz, etzi egingo du LABek Pasai antxoko Kultur Etxean 11:00etan feminismoa eta lan munduaz arituko dira azken horretan. Azken hitzaldia Hondarribiko Musika Eskolan izango da, hilaren 26an.
La mano negra filma emango dute 18:30ean, eta prekarietateaz mintzatuko dira, ondoren.
Maiatzaren Leheneko manifestazioari egin dio sindikatuak erreferentzia azkenik. Irunen izango da 12:30ean Txaneleta Plazatik abiatuta, Kolon pasealekua gurutzatu eta Mosku plazan amaituko da, eta kaleak “harrotasunez” betetzera deitu du. Amaitzeko bazkaria antolatu dute Irungo Mendizaleak elkartean.