3.000ko langara iristeko azken txanpan sartu da plataforma. Ostiralean Urdanibiako pintxo potean egongo dira; larunbatean berriz, hiriko hamaika auzotan.
Dagoeneko 2.645 sinadura bildu dituzte.
Irungo Hartu Hitza plataformak, azaroaren 18ko herri galdeketari babesa adierazteko sinadura bilketarekin buru-belarri jarraitzen du. Aurreko astea 2.200 sinadurekin hasi eta herritarrek emandako “erantzun ezin hobea” baliatuta, 2.645 sinadura biltzera iritsi ziren. Helbururako 355 sinadura besterik ez zaizkie falta.
Horiek lortzeko, Irungo hamaika auzotan izango dira boluntarioak, guztira, hamaika mahaietan. 11:00etatik 13:30tara bitarte izango da sinatzeko aukera, Behobia, Artia, Palmera Montero, Zabaltza plaza, Urdanibia plaza, San Miguel, Anaka, Landetxa, Pio XII, Larreaundi eta Santiago auzoetan zehazki. Plataformatik jakinarazi dutenez, mahai guztietan ez da musika eta jai giroa faltako, Irunabar Bertsoaren Bilgunearen, Jeiki Hadi musika taldearen eta Lagun Artean dantza taldearen laguntza izango baitute boluntarioek. Horrela, bertso, txalaparta, musika eta dantzaz beteko dute hiria.
Larunbateko sinadura aurretik, biharko Urdanibia inguruko pintxo potea ere baliatuko dute sinadura bilketarekin jarraitzeko. 19:00etatik 21:00etara, boluntarioek sinadurak bilduko dituzte bertan, eta jakinarazi dutenez, musika jarriko dute, pintxo potea alaitzeko.