Gipuzkoako Nazioarteko Txakur Erakusketa egingo dute igandean Irungo Ficoba erakustazokan. Arratsaldean hasiko dira finalak, 16:00etatik aurrera.
Gaur aurkeztu dute erakusketa.
Gipuzkoako Nazioarteko Txakur Erakusketa egingo dute igandean Irungo Ficoba erakustazokan. Bertan, 160 arrazako 700 txakur bilduko dira, bertakoak, eta nazioartetik etorritako jabeenak. Jardueraren 39. ekitaldia da. Ficobako ateak 09:30etik 19:00etara egongo dira zabalik; sarrera ordaindu behar da, 5 eurokoa (orokorra), eta 10 urtetik beherakoek 3koa. Gaur aurkeztu dute.
Gipuzkoako Txakurren Elkarteak antolatu du erakusketa. Sona handikoa da nazioartean, eta hori parte hartzaileen jatorrian ikus daiteke: Euskal Herrikoez gain, Espainiako eta Frantziako estatuetatik eta Argentinatik (adibidez) iritsitako animaliak izango dira Irunen. Erakusketak duen kalitateak —hala aitortua dute adituek— egiten du posible hainbat jatorritako txakurrak izatea bertan.
Aurten, toki berezia izango dute Setter eta Leonberger arrazek. San Bernardo edo Gran Pirineo bezalako tamaina handietako arrazen gurutzatzetik datoz, eta nabarmentzekoa da Leonberger arrazaren Pirinioz Gaindiko Txapelketarako puntuak lortzeko aukera izango dutela Irunen izango diren mota horretako txakurrek.
Lehiaketaz gain, beste hainbat jarduera egingo dituzte Ficoban. Hala, txakurren zainketarekin lotutako gaiekin postuak egongo dira, besteren artean.
Lehiaketak
Lehiaketako epaileak Espainiatik, Frantziatik, Italiatik, Finlandiatik, Poloniatik, Erromaniatik edo Suediatik iritsitakoak izango dira. Haiek, arraza bakoitzeko alerik onena aukeratuko dute (09:30ean hasiko dira txakurrak ikuskatzen). Horrez gain, bi sari handiago lortzeko aukera izango dute txakurrek: Espainiako Txapelketarako Gaitasun Agiria, eta Nazioarteko Gaitasun Agiria.
Finalak 16:00etan hasiko dira. Arraza bakoitzeko alerik onenak ring nagusira igoko dira —arraza horretako irabazlea hautatzeko—, eta ondoren, hamar txakur onenen artetik, erakusketaren txakurrik onenak hautatuko dituzte (hainbat sari daude).
Debekatua dago erakusketatik kanpoko txakurrekin Ficobara sartzea, baita txakurren salmenta egitea ere.