"Kataluniako errepresaliatuekin elkartasunez zein herrien burujabetzaren alde" manifestazioa egingo dute datorren igandean (hilak 15), 11:00etan.
Iazko urrian irundarrek giza kate erraldoia egin zuten Kataluniaren alde.
Irungo Kataluniaren aldeko talde herritarrak manifestazioa antolatu du datorren iganderako (hilak 15). Igandean sei hilabete beteko dira Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ekintzaileak kartzelan sartu zituztenetik, eta Bartzelonako manifestazioa Irunera ekarri nahi izan dute. “Kataluniako errepresaliatuekin elkartasunez zein herrien burujabetzaren alde” aterako dira kalera. Taldeko kideek adierazi dutenez, aldarrikapen hori Irungo udalbatzak onartutako mozioarekin bat egiten du.
Mozio hura onartu zenetik Kataluniako egoerak “okerrera” egin duela adierazi dute, “Kataluniako hainbat ordezkariren kartzeleratzearekin, beste batzuen erbesteratzearekin eta Konstituzioaren 155 artikuluaren aterkipean egindako Kataluniako autonomiaren interbentzioarekin”. Era berean, “preso politikoen askatasuna” eskatuko dute igandean, eta Estatu Espainiarrari “estrategia errepresiboa gelditzea” eskatuko diote. “Oinarrizko eskubideen urraketaren beldurrik gabe, politika egiteko eskubidea aldarrikatzen dugu”, adierazi dute taldetik.
Manifestazioa 11:00etan abiatuko da San Juan plazatik.