Euskarazko 'Fiñisterre' lanarekin eskuratu dute lehen saria Urretxuko Antzezmotz lehiaketan. 800 euroko saria eraman dute hiru kideek.
‘Fiñisterre’ antzezlanaren irudia.
Joan den martxoaren 9an, Urretxuko Antzezmotz lehiaketan parte hartu zuen Irungo Txiflando antzerki taldea. Euskal Herri osotik iritsitako antzerki taldeekin lehiatu ostean, garaipena eskuratu zuen ‘Fiñisterre’ euskarazko lanarekin. Aurten, hamaika talde aurkeztu dira, eta gehiengoak gaztelerazko antzezlanak eskaini dituzte. 800 euroko saria jaso du taldeak.
Rakel Salinas, Amaia Rodriguez eta Beatriz Arana irundarrek osatzen dute antzerki taldea. Anaka auzoan elkartzen dira, Legaleon T taldearen lokalean. Taldekoek adierazi dutenez, taldeko kideen “antzezaletasun amorratuak eta erraietako antzezteko grinak” elkartu zituen orain dela lau urte.
‘Fiñisterre’, taldeko kideek azaldu bezala, “mugimenduari lehentasuna ematen dion antzerki fisikoa da”. Era berean, “patriarkatuari oda satirikoa” dela nabarmendu dute taldetik, eta antzerkiaren oinarria Aranak idatzitako bi olerki izan dira. Aktoresak “oso pozik” azaldu dira Urretxuko esperientziarekin, eta hemendik aurrera Irun eta Hondarribian aurkezteko “irrikitan” daudela jakinarazi dute.