Irungo euskarari bultzada emateko Aitzondo euskara taldea sortu berri dute hiriko zenbait gaztek. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte Euskaraldia jorratuko dute, taldearen lehen egitasmoa
Irungo euskaldunak aktibatzeko eta erabilerari bultzada emateko sortu dute euskara taldea. Irudian, biharko bilerari begira egin duten kartela.
Irunen milaka eta milaka euskaldun bizi diren arren, euskara ez da kaleetan barrena entzuten den lehen hizkuntza. Irungo Udalak iaz egin zuen kale neurketaren emaitzek diotenez, erabilerak gora egin du azken hamar urteetan [%5,5ekoa izan zen 2007an eta %7,6ekoa 2017an]. Askok datuak baikor baloratu arren, hiriko euskaltzale mordoa, ordea, ez dira datu horiekin asetu. Euskarak Irunen bizi duen «egoera kaskarrak kezkatuta» eta egoera hori «iraultzeko» asmoarekin, pauso bat aurrera eman dute hiriko zenbait gaztek, eta azken asteetan, Aitzondo Irungo Euskara Taldea sortu berri dute.
Taldeko kideek argudiatu dutenez, badira bi urte lehen aldiz hamar bat lagun elkartu zirela gaiaz kezkatuta, eta iazko azaroan taldea sortzeko apustua egin zuten. Ordutik, lanean buru-belarri aritu dira gazte irundarrak, xede zehatz batzuekin: Irungo euskararen egoeraren gainean hausnartu eta kontzientzia zabaltzea; Irungo euskaldunak aktibatu eta ahalduntzea; euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketak salatzea eta euskaraz bizi nahi dutenei euskaraz bizi ahal izateko aukera bermatzen zaiela ziurtatzea, tartean, dauden legeak betearaziz eta Irunen hizkuntza politika egokia ezartzen dela behatuz. Helmuga marraztu dute jada, baina aurretik egin beharreko lana gogorra izango dela badakite taldeko kide Nextor Leundak, Mikel Garciak eta Maite Lopez de Arbinak.
Irunen euskara «nahi baino gutxiago» entzuten dela onartu du Leundak. Txoko jakin batzuetan eta pertsona jakin batzuek soilik erabiltzen dutela azaldu du. «Paseo bat ematen duzu Irundik eta euskara nahiko gutxi entzuten da». Egun, gazteen artean helburu akademikoak lortzeko hizkuntza dela dio, eta helduen artean «oso gutxi» entzuten dela. Halere, azken datuek islatu bezala, euskara ulertzen dutenen kopurua geroz eta handiagoa da. Duela dela bi aste inguru Eustatek kaleratutako ikerketaren emaitzen arabera, orotara, 35.179 irundarrek ulertzen dute euskara. Datu horien aurrean, «beharrez» sortu dute taldea, herritarren ia %60ak euskara «nahi beste edo asko» erabiltzeko aukera duela ikusi baitute euskaltzaleek. Lopez de Arbinarentzat lehenengo hitza gazteleraz izateko «inertzia» hori aldatu nahi dute. Garciak adierazi duenez, nahi izanez gero, lehen hitz hori euskaraz egin daiteke eta azken datuak ikusirik, «hitz egin ala ez, egin nahi duenak hitz egiteko aukera» baduela esan du.
11 egunez euskaraz
Irungo euskararen egoera iraultzeko, Euskaraldia Irunera ekartzea izan da Aitzondokoek hartu duten lehen erabakia. Euskaraldia «abiapuntua» izango da taldeko kideentzat, eta ordura arte hori prestatzea izango da euren zeregina. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte Euskal Herriko herri gehienetan jarriko dute martxan dinamika, eta adierazi dutenez, «Irun ez da gutxiago izango». Euskaraldiaz gain, bestelako jarduerak ere egin dituzte.
Lopez de Arbinak zehaztu duenez, «hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia». Hamaika egunez euskaraz bizitzeko konpromisoa hartuko dute herritarrek, eta bi modu izango dira parte hartzeko. Alde batetik, Ahobiziak delakoak egongo dira, ahal duten guztietan euskaraz egiteko prest egongo direnak; eta bestetik, Belarriprest izenekoak, euskaraz egiteko konpromisoa hartu gabe, euskaraz entzutera engaiatuko diren horiek, solaskidea euskaraz egitera animatuz.
Herritar bakoitzak hartuko duen konpromisoa zein den jakiteko, txapa banarekin identifikatu dituzte irundarrak. «Hamaika egun horietan Irun ahalik eta gehien euskalduntzea izango dugu helburu», zehaztu du Lopez de Arbinak.
Herritarren aktibazioa
Lanabes eraginkorra da Euskaraldia Aitzondoko kideentzat. Lopez de Arbinak esan bezala, «gure helburuak lortzeko oso iniziatiba egokia da. Erabiliko den metodologiak zilegitasun handia du, probatu duten herrietan oso eraginkorra dela ikusi dute. Herria aktibatzeko oso aproposa izango da». 2015ean Donostiako Egia auzoan probatu zuenetik, hamaika udalerrik jarri dute martxan 11 egunez euskaraz bizitzeko dinamika, tartean, Oarsoaldeko ugarik.
Iaz udalak egindako kale neurketak ondorioztatutako erabileraren datuek «aukera» bat eskaintzen dute Garciarentzat: «Erabileraren datuek esan nahi dute jende asko dagoela aktibatzeko oraindik, aukera behintzat badago». Hori da irundarren artean zabaldu nahi duten beste mezuetako bat.
Nextor Leunda: «Nahiz eta besteak gazteleraz erantzun, zergatik pasatu behar gara gaztelerara? Segur aski zure solaskidea izango da 35.000 horietako bat, beraz gai izango da ulertzeko, konplexurik gabe, ez da ezer txarra. Naturala izan daiteke bakoitza bere hizkuntzan, errespetuz, hitz egitea». Garciak ere hirian euskara ulertzen duten pertsonen kopurua nabarmendu du: «Finean, begira zenbat euskaldun gauden hemen Irunen, oso dispertsatuta gaude, biztanle asko dagoelako eta hiri oso handia delako».
Proiektuaren zama herritarrengan soilik jarri beharrean, erakundeen konpromisoan ere jarri dute garrantzia Aitzondoko kideek. Mikel Garcia: «Instituzioei ere beraien ekarpena eskatzea garrantzitsua da, politika desegoki bat eramanez gero, erdal giro hori ere sustatzen baita». Irungo Udalak kaleratutako Euskara Plana «aberatsa» da Leundarentzat, baina horrelako kasuetan, maiz, emaitzarik ikusten ez dela argudiatu du. «Udalak egiten duen hori kontrolatzea ere gure lanetakoa izango da, hori ere egin nahi dugu», gehitu du Garciak.
Hala, dagoeneko 11 egunez euskaraz bizitzeko proposamena bidali dute Irungo Udaleko Euskara Arlora, erakundeak egitasmoan parte hartzeko konpromisoa hartu baitu. Eurekin harremanetan daudela jakinarazi dute Aitzondokoek, Euskaraldia «ahalik eta modu eraginkorrenean nola antolatu aztertzeko». Udalaz gain, Euskaltzaleen Topagunearekin elkartu da Aitzondo taldea, datozen hilabeteetarako izango den bide orria elkarrekin diseinatzeko.
Datozen asteetan, egitasmoan parte hartzeko tramiteen berri emango die herritarrei Aitzondo Irungo Euskara Taldeak. Gogoz hasi dira lanean, eta apurka euskaldunen sarea indartzeko ahalegina egingo dute, onura kolektibo baten bila, euskara.