Lau hilabeteko epean amaituko dituzte obrak. 2017ko aurrekontu partehartzialeetan bozka gehien jaso zituen proposamena izan zen.
Lau hilabete barru, Letxunborro hiribideak bidegorria izango du.
Letxunborro etorbideak bidegorri berria izateko obrekin hasi berri dira azken egunetan. Udalak jakinarazi duenez, lau hilabeteko epean amaituko dituzte lanak. 2017ko aurrekontu partehartzaileetan bozka gehien jaso zituen proposamena izan zen.
1,1 kilometroko luzera izango du bidegorri berriak. Udaletik jakinarazi dutenez, ibilbide guztian zehar bidegorriak ez du itxura berbera izango. Zubimuxu eta Gibeanakako biribilgunearen artean bi noranzko bidegorria egingo dute, eta horren ondorioz, errepide bat kendu beharko dute. Gibeanakatik aurrera, bidegorrian gorako eta beherako bi bide berri egingo dituzte (bakoitzak 1,20 metroko zabalerarekin), eta ondoko errepidea dagoen bezala utziko dute.
Era berean, Balleneros, Arbesko Errota edota Artaleku inguruko oinezkoen pasabideetan ere zenbait hobekuntza egiteko nahia adierazi du udalak, eta proiektu guztirako (Letxunborroko bidegorria barne), 241.790,31 euroko aurrekontua dute.
Oinezkoen irisgarritasuna hobetzeaz gain, Luis Marianoko gizarte zentroan ere zenbait hobekuntza egin dituzte azken egunetan. Sarbidea erraztu dute, eta horretarako, lurra, baranda edota atea berritzen ari dira. Horretarako, udalak 58.170 euro inbertituko ditu.