Kenyako hamabi emakumeren sukaldaritza ikasketak ordaintzeko Elkarrekin Bai egitasmoa sortu dute. Gipuzkoako 20 sukaldari baino gehiagok hartuko dute parte.
Atzoko aurkezpenaren irudia.
Kenyako 12 emakumek sukaldari izateko ametsa duten arren, ikasketak ordaintzeko zailtasun handiak dituzte. Euren egoera aldatzeko asmoz, Harambee gobernuz kanpoko erakundearekin batera, Gipuzkoako 20 sukaldari baino gehiago elkartu dira, eta Elkarrekin Bai egitasmoa sortu dute. Atzo aurkeztu zuten egitasmoa, Irungo Atalaia hotel jatetxean. Bertan, egitasmoko ordezkari Esther Patrocinio, Jennifer Kentaro kenyarra, Sonia Garcia, Roberto Ruiz, Felix Manso, Iñigo Lavado eta proiektuan parte hartuko duten zenbait sukaldari izan ziren.
Egun, 12 emakumeak Kibondeni eta Tewa-n herrietan ari dira ikasten eta formazioa erabat amaitzeko 12.740 euroko bekak ordaindu behar dituzte. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, emakumeen egoera kaskarra da, eta laguntza gabe, ezinezkoa izango dute ikasketak amaitzea. Sukaldari izateko ametsa duten neskek eskutitzak bidali dizkiete sukaldariei, euren egoera azalduz eta laguntza eske euren herrialdean negozio bat ireki ahal izateko. Felix Mansok adierazi duenez, “zein erraza da zure erosotasun gunean bizitzea gainontzekoak nola borrokatu behar duten konturatu gabe”.
Diru guzti hori lortzeko hainbat egingo dituzte. Lehen ekitaldia bi afari solidario izango dira. Horietan, 11 sukaldarik hartuko dute parte, eta ateratako diru guztia Kenyako emakumeentzat bideratuko dute. Maiatzaren 10ean egingo dute Bidasoko afaria (bestea Tolosaldean egingo dute), Iñigo Lavadoren jatetxean, 20:30ean eta 45 euroan eskura daitezke txartelak. Afaria Natxo Gracia, Iñigo Lavado, Rafa Gorrotxategi, Felix Manso, Gorka Irisarri, Iker Markinez, Inaxio Muguruza, Roberto Ruiz, Pedro Casares eta Gorka Txapartegi sukaldariek prestatuko dute.
Era berean, esaterako, partaide izango den Hondarribiko Gorka Irisarrik bere jatetxeko menuaren %10a Kenyako neska bati bideratuko diola jakinarazi du. Iker Markinezek, berriz, Tabakaleran eskainiko duen ikastaroan lortutako diru guztia emango du.