Real Unionen beteranoak bosgarren izan ziren Torrelavegan jokatutako txapelketan. Final-laurdenetan Osasunak utzi zituen kanpoan, penaltietan.
Real Uniongo jokalariak, Torrelavegan.
Aurreko igandean beteranoen futbol taldeen arteko Iparraldeko Liga jokoan izan zuten Torrelavega herrian (Kantabria, Espainia). Bertan, beste hamabi talderekin batera, Real Unionen beteranoen taldeak parte hartu zuen: bosgarren izan ziren.
Txuri-beltzak sentsazio gazi-gozoekin itzuli ziren Irunera. Lehen partidan Torrelavega 2-0ekoarekin gainditu zuten (Lucioren bi golekin). Hurrengo kanporaketan erori ziren irundarrak, final-laurdenetan, Osasunaren kontra: arauzko denbora hirunako berdinketarekin bukatu zen (Ketxusen bi gol eta bestea Laguardiarena), eta penaltietan doi-doi galdu zuten, 7-6 nafarren alde. Zorte txarra izan zuten. Hala, joko ona eta grina izan ziren eguneko sentsazio gozoen erantzule, kanporatzea gazia. “Oso irudi ona eman genuen, pozik gaude egindakoarekin”, esan dute beteranoek.
Hala, sailkapen nagusian bosgarren gelditu ziren irundarrak, Vigoko Celtaren, Santanderko Racingen, Athleticen eta Osasunaren atzetik; lehen biek lortu zuten hurrengo fasera sailkatzea, Espainiako Estatuko beste hiru kanporaketetan lehen eta bigarren izan ziren taldeen kontra. Beteranoen Espainiako Txapelketaren finalak izango dira hurrengo fasekoak.
Adibidez, Eibar, Reala, Gijongo Sporting edo Logroñes taldeak atzean utzi zituzten irundarrek.
Real Unionen taldea honakoek osatu zuten: Kote Riobo, Asier Diez, Joseba Bereau, Javi Garmendia, Alfonso Gurrutxaga, Ivan Castro, Eneko Bidaurreta, Ketxus Agirre, Txetxu Martinez, Avelino Bernardo, Aitor Gomez, Oscar Palenzuela, Luis Laguardia eta Diego Lucio. Entrenatzaile lanean Javier Garmendia izan zen.