Hilaren 20ra bitarte bidali beharko dute 2018ko kartelaren diseinua herritarrek. Era berean, dagoeneko txosnak irekitzeko eskera egin daiteke.
Iazko San Pedro eta San Martzial jaien hasieraren irudia.
Irungo Udala dagoeneko 2018ko San Pedro eta San Martzial jaiei begira jarri da. Jaien berri emango duen kartela bidaltzeko epea ireki dute, eta era berean, txosnak ipintzeko eskaera egin daiteke.
Gaurtik hilaren 20ra bitarte, 2018ko sanmartzialetako kartela bidaltzeko aukera izango dute herritarrek. Amaia Kultur Zentroan jasoko dituzte kartel guztiak, asteartetik larunbatera (09:30tik 12:00etara eta 18:00etatik 21:00etara) eta igandetan (11:30etik 13:30era).
40 kartel proposamen baino gehiago jasoz gero, bost-hamar lan finalera pasatuko dira; 40tik behera badira, berriz, bost finalista aukeratuko dituzte. Aukeraketa hori artistaz osatutako talde batek egingo du. Irabazleak 1.200 euro (iaz baino 200 euro gehiago) jasoko ditu, eta bestalde, 300 euroko akzesit bat ere banatuko dute. Lan guztiak formatu bertikalean entregatu beharko dira, 70×50 zentimetroko tamainan. Paperaz gain, JPG edota PDF formatuan ere aurkeztu beharko da lan bakoitza, eta kartelean ondorengo testua gehitu beharko diete partaideek:
Irun, San Pedro-San Martzial 2018. Ekaina-Junio.
Bestalde, Urdanibia inguruan txosnak irekitzeko eskaera epea ireki dutela jakinarazi dute udaletik. Hilaren 27ra bitarte hiriko elkarte guztiek apuntatzeko aukera izango dute. Maiatzaren 3an eskaera egin duten elkarte guztien zerrenda bat kaleratuko dute, eta maiatzaren 10ean zozketa egingo dute udalean bertan. Informazio gehiago
Irungo Udaleko webgunean eskuragarri dago.