Bidasoa Atletiko Taldeak hirugarrenez errelebo lasterketa antolatu du hilaren 22rako. Dagoeneko proba guztietan izena eman daiteke.
Gaur aurkeztu dute III. Errelebo Lasterketa, Iñigo Lavadoren jatetxean.
Irungo erreleboen lasterketaren hirugarren edizioa datorren hilaren 22an (igandea) egingo dute. Bidasoa Atletiko Taldeak antolatu du, bestelako erakundeen laguntzarekin. Gaur aurkeztu dute proba Ibon Muñoz BATeko zuzendariak, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko teknikari Jurgi Olasagastik, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikari Margari Arrietak, Minbiziaren aurkako Elkartearen Bidasoko ordezkari Elena Olasagastik, Irungo Udaleko kirol ordezkari Pedro Alegrek, Salto System enpresako ordezkari Borja Ganzarainek, OSI Bidasoko ordezkari Jesus Lorenzorekin batera.
Muñozek nabarmendu duenez, egitasmoa “berritasunekin” dator berriz ere. Aurten, igandean egingo dituzten proba guztiak miliari lotuta egongo direla argitu du, goiz osoko jardunaldia izango da. Hirugarren edizioan, herritar orok izango du parte hartzeko aukera, egingo dituzten modalitate ezberdinetan. Zabaltza plaza eta Colon pasealekua izango dira proben ardatz nagusia.
10:00etan,
Ttipi-ttapa ibilaldia egingo dute, korrika egin nahi ez dutenentzat. Milia osoko ibilbidea izango du (1.609 metro), Colon pasealekutik tren geltokiko zubitik pasata, San Juan plazaraino. Iaz 40-50 lagun inguruk hartu zuten parte, eta aurten, gehiago izatea espero dute BATetik. Paseoaren ostean, 11:30ean zehazki, parte hartzaileei mokadutxo bat eskainiko diete.
11:45ean, errelebo lasterketa egingo dute, 4×1 milia modalitatean. Lau lagunez osatutako taldeek hartuko dute parte eta korrikalari bakoitzak milia bat egin beharko du, ondoren, lagunari lekukoa pasatzeko. Enpresa eta kuadrillei bideratutako lasterketa izango da, eta gizonezkoen, emakumezkoen edota modalitate mistoan lehiatzeko aukera izango da.
11:30ean, Kemen, Kirol Egokituko Federazioa, Aurreratu edo Gautena bezalako elkarteekin elkarlanean, kirol egokituko milia egingo dute. Gurpildun aulki zein handbiketan lehiatuko dira partaideak. Ondoren, milia erdia egingo dute, aniztasun funtzionala pairatzen duten haurtxoekin. Oinez zein korrika egin daiteke milia hori. Iazko probarekin “oso gustura” geratu ziren BATeko kideak, eta aurten errepikatzea erabaki dute.
Berritasunak
Aurtengo errelebo lasterketa berritasunekin etorri da. Aipatutako probez gain, binakako lasterketa bat ere antolatzen ari dira. Orain arte, izen emateetan, kirolarien babes gehien jaso duen proba izan dela jakinarazi dute taldetik. Horrela, hiru miliako (ia bost kilometro) lasterketa egin beharko dute bikoteek, eta ibilbidean zehar helmugaraino batera egin beharko dute korrika. Dagoeneko 30 bikote baino gehiagok izena eman dute. Horietatik, nagusi talde mistoak direla nabarmendu du Muñozek. 12:00etan emango diote hasiera lasterketari.
Binakako lasterketaz gain, berritasun bezala ere, milia solidarioa egingo dute hilaren 22an. Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartearekin ari dira lanean horretarako. Hiru euroko izen ematea izango du probak, eta diru guztia elkarterako bideratuko da. Oinez zein korrika egin daiteke proba hori eta dagoeneko hiru euroan eskura daiteke dortsala. 12:45ean hasiko da. Nabarmendu dutenez, adin tarte guztietara bideratu dute milia solidarioa.
Proba guztietan izena eman daiteke dagoeneko.
Bidasoa Atletiko Taldearen webgunean edota
Kirolprobak-en webgunean egin daiteke. Erreleboen lasterketan apuntatzeko talde bakoitzak 28 euro ordaindu beharko ditu; binakakoen lasterketarako berriz, 18. Hilaren 21era bitarte izena eman daiteke proba guztietan, eta milia erdia eta miliako modalitatean apuntatzeko epea igandean bertan itxiko dute. Dortsalak Palmera Montero Gunean BATek duen egoitzan eskuratu daitezke.
Egunari amaiera emateko, Iñigo Lavadoren jatetxean jateko aukera izango dute partaide guztiek. 25 euroan eskura daiteke txartela, eta horretarako, Bidasoa Atletiko Taldearekin kontaktuan jarri behar dute interesdunek.