Irungo Udalak webgunea egokitu du mendekotasunen gainean herritarrek kontzientzia izan dezaten. Azken belaunaldiko adikzioak ere kontuan hartu dituzte.
Gaur aurkeztu dute adikzioen gaineko webgunea.
Irungo Udalak bere webgunean adikzioen gaineko atala sortu berri du. Herritarrei adikzioen gaineko informazio zuzena eman nahi diete, eta Irungo Udalak zentzu horretan dituen baliabideak azaldu. Gainera, mendekotasun kasuak izaten direnean zein bide jarrai daitekeen azaltzen duen atala badago webgunean, horiek tratatzeko moduekin batera.
Hemen lotura. Hezkuntza nahiz osasun zentroetara ere bidaliko dute webgunearen gaineko informazioa.
Adikzio berrien gaineko informazioa ere badago, hala nola, ziberadikzioena, Interneteko mendekotasunena, online jokoena, sakelako telefonoen menpe daudenena, sare sozialak eta bestelakoak. Eta horiek eragin ditzaketen ondorioen jabe izan daiteke erabiltzailea, tartean, ciberbullyng-a edo sexting-a.
Alkoholemia simulagailua ere badu zerbitzuak, adinean nagusientzat: hainbat datu sartuta, norberak odolean izan dezakeen alkohol kopurua, eta hori joateko zein denbora epe behar den jakin daiteke; bestelako drogen kontsumoa detektatzeko testak ere badaude, baita drogen erabilerak izan ditzakeen ondorioak azaltzen dituen joko modukoa ere.
Gaur aurkeztu dute egitasmoa. Sergio Corchon Ongizate ordezkariak adierazi du lanabesaren helburua, informazioa emateaz gain, prebentzioaren alorrean lan egitea dela, “jarrera osasuntsuak bultzatzearekin batera”. Herritarrek ere ekarpenak egiteko aukera izango dute webgunean, euren iritzia plazaratuz.