Soberakin horren zati handi bat zertan erabili erabakitzeko, talde politikoen arteko adostasunaren bidea jorratuko du udal gobernu taldeak.
Sei milioi horiek zertan erabili erabakitzeko adostasunaren bidea proposatu du gobernu taldeak.
2017ko udal kontuen likidazioa eginda, iaz, Irunek sei milioiko etekin positiboarekin bukatu duela jakinarazi dute Jose Antonio Santano alkateak eta Miguel Angel Paez Ogasun ordezkariak. Iazko ordainketa guztiak krediturik eskatu gabe egin zituen udalak, beraz. Etekinaren arrazoia eman du Santanok: “Gure udalaren datu ekonomiko onen arrazoia zuhurtzia da. Eta diru sarreren gaia ezin hobea izan delako dugu etekin hau”. Iaz, Irunek, 72 milioi euroko aurrekontua izan zuen, 22 milioi gehiago erantsi zizkieten kreditu aldaketa bidez, eta horietatik 26 inbertsioetarako erabili zituzten.
Iaz ere udalaren kontuak zenbaki urdinetan kokatu baziren ere, udalak zorra du, 19,7 milioi eurokoa alkateak esan duenez, “krisi garaia baino lehenago zegoen zorraren erdia da, eta udalak izan dituen unerik txarrenekin alderatuz, %61 txikiagoa. 2009an izan zen hori, zorra 51 milioi eurokoa zenean”.
Paezek nabarmendu du udalak “asmatu” egin duela “zuhurtzia eta eraginkortasun” neurriak uztartzen, “aurrezteko aukera galdu gabe, inbertsioak eginez jarduera ekonomikoa geldi ez dadin, adibidez, alokairuzko etxebizitzen aldeko apustua eginez”.
Horrela, sei milioiko etekina baliatzen hasteko, apirileko udalbatzarrean 1,2 milioiko kreditu aldaketa proposamena eramango du udal gobernu taldeak, udal langileen postuen balorazioen doiketak ekarri dituen gastuei aurre egiteko. Gainontzeko kopurua nora bideratu erabakitzeko, beste talde politikoekin adostasunaren bidea jorratu nahi duela iragarri du Paezek. Edonola ere, auzoetan, gizarte gaietan eta sustapen ekonomikoan jarri du begia Santanoren lantaldeak soberakinaren erabilerarako.