Irundarren %3k erabiltzen du bizikleta hiri barruko ohiko desplazamenduetan. Oinez doazenak %60 dira, eta autobus publikoa %8k erabiltzen dute.
Cristina Laborda Mugikortasun ordezkaria, gaur goizean azalpenak ematen.
Bizikleta Mugikortasun Ikerketaren datuen berri eman du gaur Cristina Laborda Mugikortasun ordezkariak. Iaz egindako ikerketaren arabera —Mugikortasun Mahaiaren azken bilkuran aurkeztu zuten lehenik—, irundarren %3 mugitzen da hiritik bizikletan, 2016ko datua errepikatuz. Autobus publikoen ohiko erabiltzaileen kopurua hiriko toki batetik bestera joateko %60koa da, eta oinez Irungo txokoetara normalean oinez doazenak %8 dira. Motordun ibilgailuen erabiltzaileen zenbatekoa hiri barruko joan-etorriak egiteko %28 inguruan kokatzen da, beraz.
Baikor baloratu ditu datuok Labordak, ondorioztatuz hiri barruko desplazamenduen hiru laurdenak “baliabide iraunkorrekin” egiten direla. Hala, 2016rako ezarritako helburuen artean, bizikleta desplazamenduen zenbatekoa %3an aurreikusia zegoela zehaztu du ordezkariak, “helburutzat jarri dugu zenbateko hori handitzea. Kontziente izan behar dugu epe luzerako lana dela bizikleta desplazamenduetan gorantz joatea”. Datu bat: bizikleta ohiko garraiobide dutenen adinean, 40-49 adin tartekoak dira, alde handiarekin, gehiengo. Eta erabiltzaile guztien artetik herena emakumeak dira, eta beste bi herenak gizonak. Alta, hirian bizikleta desplazamenduak noizbehinka egiten dituztenen kopurua %40koa da ikerketaren arabera, “gainontzeko %60ak bizikleta erabil dezan lantzeko baliagarri da aldi berean ikerketa”.
Hobetu beharrekoak
Ikerketan kezka azaltzen da. Bertan iritzia eman duten hiritarren %80ren ustez, bidegorri gehiago egin behar dira hirian, eta %50ak egun daudenak ere hobe daitezkeela adierazi du. Zentzu horretan, Labordak nabarmendu du aurten bertan bidegorri gehiago egingo direla Irunen, tartean Letxunborro ibilbidekoa edo Monte Aldabe kalekoa. Hartara, Irun 30 egitasmoa martxan den errepideetan —motordun ibilgailuak gehien jota orduko 30 kilometroko abiadurara joan daitezke— bizikletak segurtasunez ibiltzen direla azaldu du ordezkariak, “inkestan iritzia eman dutenen %70ek baikor ikusi dituzte Irun 30 zonaldeak”.
Ikerketaren beste ondorio bat: gutxi erabiltzen dira bizikletak aparkatzeko guneak. %10etik beherako okupazioa izaten dute. “Espero genuen datua da. Izan ere, bizikleten erabiltzaile gehienak aldizka eta aisia helburuz aritzen dira, beraz, gutxitan erabiltzen dituzte horiek bizikletak uzteko eremuak”. Irunen 135 eremutan daude bizikletak aparkatzeko guneak, 1.077 plazarekin: “Inkestako iritzi emaileen %50ak esan du bizikletak aparkatzeko guneak itxitakoak balira, erabiliko lituzketela”.