«Hil arte gaztetxeetan musika jotzen jarraituko dut»
Musikaren munduan 30 urte igaro ostean, Ane Odriozola abeslariarekin batera Hiru Leike taldea osatu berri du Iñigo Muguruza musikariak. Gitarra akustikoa alde batera utzi eta elektrikoa hartu du berriz ere irundarrak.
«Musika egitea izan da nire bizitza, hortaz, ez dut ezagutzen besterik»Nolakoa da biren artean kontzertu bat eskaintzea? Orain erritmo kutxa bat eramaten hasi gara kontzertuetara. Erritmo kutxarik gabe hasi ginen. Lehenengo kontzertuan, Donostiako Guardetxean, gitarra eta ahotsa erabili genituen soilik, gauza martetar bat izan zen [barrez]. Neil Young abeslaria asko gustatzen zait, eta The Noize izeneko diskoan gitarra distortsionatua eta bera kantatzen entzun daitezke. Gauza arraroak izaten dira, baina haiek egin bazuten, zergatik ez genuen guk probatuko? Diskoa erabat amaitu ez duzuen arren, dagoeneko aurrerapen bat ikus daiteke sarean, ezta? Bai, hala da. Ez da euria kanta dagoeneko sareetan dago. Kanta hori Berako estudio batean Iñigo Irazokirekin grabatu dugu, Atala estudioan hain zuzen ere. Kantaz gain, bideoklipa ere bertan grabatu genuen. Oraindik bideoklipa ez dugu kaleratu baina ekainaren 15ean zintzilikatuko dugu. Diskoa, berriz, orduan grabatzen hasiko gara, ekainean. Urte dezente gitarra akustikoa jotzen aritu ondoren, berriz ere elektrikoa hartu duzu azken lan honetan. Horren hutsunea sumatzen zenuen? Bai, noski. Halere, Irunen gitarra elektriko eta baxu klaseak ematen ditut, orduan beti ari naiz gitarra elektrikoa jotzen. Gehien gustatzen zaidan instrumentua da, baina Lurrarekin akustikoa jotzen aritu nintzen, eta faltan bota dut, bai. Betidanik ibili naiz Marshall anpliekin jotzen, soinu eta distortsio hori asko gustatzen zait. Martxoaren 10ean zuen jaioterrian aurkeztu zenuten azken lana, Irungo Lakaxitan. Nola joan zen kontzertua? Oso ondo joan zen. Hara ere erritmo kutxarekin joan ginen, eta Joseba B. Lenoirrekin egon ginen. Primeran joan zen kontzertua. Irungo jende mordoa etorri zen, ezagunak eta senideak asko. Giro oso jatorra egon zen, oso gustura aritu ginen Ane eta biok.
«Euskal Herrian musika ona egiten duen jende asko dagoela ikusten dut»Dagoeneko kontzertu gehiago itxi dituzue ? Bai. Ostiralean [gaur] Tabakaleran joko dugu. 20:00etan hasiko da, eta sarrera guztiz doan izango da. Bestalde, zenbait kontzertu itxi ditugu baina data zehatzik gabe. Ondarroako kafe antzokian, esaterako, eta Hazparne eta Azkaingo gaztetxeetan ere jotzeko asmoa dugu. Eta Bilboko kontzertua; Bilbon bai ala bai jo behar dugu, hori behar-beharrezkoa da. Beraz, gaztetxeekin oraindik harremana izaten jarraitzen duzu, ezta? Bai, beti egon naiz botere gutxien daukatenekin, eta horiek jende gaztea, emakumeak eta bestelako kolektiboak izan dira. Horiekin beti konpromiso bat izan dugu, eta adibidez, nik uste dut gaztetxeetan hil arte jotzen jarraituko dudala. Gaztetxeetan jo egin behar da. Ez naiz bakarra nire adinarekin gaztetxeetan jotzen dabilena. Su ta Gar eta Gatibuk, esaterako, gaztetxeetan jo dute azkenaldian, beharrezkoa da hori. Osasun kontuengatik hilabetean behin soilik jotzen ari zarete. Zer moduz zaude egun? Ondo, oraintxe bertan basamortutik iritsi berri naiz oporretatik, eta kilometro gehiegi egin ditut jeep batean [barrez]. Asko zaintzen naiz eta orduan ondo nago horri esker. Esklerosi anizkoitza ez da brometan hartu behar den gaixotasuna. Ez bazara zaintzen, gurpildun aulki batean amaitu dezakezu, asko zaindu behar naiz. Nik brote bat izan nuen eskuineko begian. Oftalmologoak esan zidan ikusmena galtzen ari nintzela eta hor atera zen gaixotasuna. Txarrena izan zen gaixotasun hori detektatzen dizutenean, zein sendagairekin aurre egin jakiteko, pixka bat akuri bezala erabiltzen zaituztela. Probatzen hasten dira, eta lehenengo botikaren eragina txarra izan zen, indar gabe uzten ninduen, oso gogorra izan zen. Alkohola utzi nuen, eta estresa ere oso txarra dela esan zidaten, beraz, yoga egiten hasi nintzen. Yogak bizitza salbatu dit; egingo ez banu, ziur okerrago egongo nintzakeela. Nahiko urduria izan naiz beti, eta erlaxatzeko eta arnasteko oso baliagarria da. Joan den sanmartzialetan Ferminekin [Muguruza, anaia] batera Moskun Sarri Sarri klasikoa berreskuratu zenuten. Zer pasatu zitzaizun burutik orduan? Txantxa giroan jo genuen egun hartan. Burrunba elektrotxarangan lagun batzuen alaba batek jotzen du, eta haiekin jotzeko komentatu zigun; animatu egin ginen. Egia esan, geroz eta onartuago ikusten dut gure musika. Irungo liburutegian adibidez, nire alaba joaten denean, beti ixten dute Kortaturen abesti batekin. Orain arte Irunen gaizki ikusiak izan garenoi azkenean kale bat jarriko digute: Kortatu kalea [barrez]. Nire alabek garai bateko musika hori eskolan ere entzuten dute. Datorren astean, adibidez, Jaion jaialdian Negu Gorriaken tributo talde batek joko du. Kide bat nire ikasle izandakoa da. Ziur bertan izango naizela, gitarra jotzen, ea ez naizen gurditik erortzen martxan dagoenean [barrez]. Negu Gorriak taldearen kide guztiak azaltzen zineten argazki bat zabaldu zen iaz sare sozialetan. Bueltatzeko asmorik? Berrogeita hamar urte bete nituenean izorratua nintzen gaixotasunarekin, eta orduan ez nuen mende erdia ospatu. Baina 52 bete nituenean pentsatu nuen nirekin taldeetan jo zuten guztiak gonbidatzea. Dunboako pizzeria batean geratu ginen, kuadrilla handi bat elkartu ginen. Hor atera genuen argazki hori. Orduan, berriz ere Negu Gorriak elkartzeko txantxa horrekin aritu ginen. Ondo egongo litzake kanta batzuk egitea, baina garai horietan bezala birak eta kontzertuak ematea ezinezkoa ikusten dut. Egiteagatik egin daiteke, baina… Ondo legoke, egun batean egingo dugu zerbait, baina bere neurrian. Errazago ikusten dut Negu Gorriaken kontzertu bat egitea Kortaturena baino.
«Kortaturen kanta gehienak ezin izango genituzke abestu gaur egun»Nola ikusten duzu euskal musikaren panorama? Euskal Herrian musika ona egiten duen jende asko dago. Gustatzen zaizkit asko Glaukoma, Izaro, Anari, Liher… Gero ere kontzertu batera joateko ordutegia hartzen dut kontuan. Lehen berdin zitzaidan, baina orain orduaren arabera banoa edo etxean geratzen naiz. Bestalde, Neighbor, Patxuko Nice, Esne Beltza edo Gatibu bezalako taldeak pila bat entzuten ditugu kotxean. Gero, bi alabekin Go!azen telesaila asko ikusten egon naiz. Zergatik? Hertzainak edota Negu Gorriaken kanta zaharrak agertzen direlako, eta formula hori ondo dago seme zein gurasoak harrapatzen dituelako. Mosku Irungo musikaren agertoki naturala izan da azken hamarkadetan. Berdin izaten jarraitzen du? Ez. Baina egia da jende asko dagoela hemen inguruan musika egiten. Zoritxarrez jende asko hil da, 1980ko hamarkadako musikarien artetik jende asko hil zen. Herri guztietan pasatzen den bezala, belaunaldi bat falta da. Musika aldetik belaunaldi berriek gauzak egiten jarraitzen dute. Bad Sound System, Sangre de Mono eta Irungo bestelako talde ugari ari dira musika ona egiten. Moskuko Peña kalean entsegu lokal bat dago eta bertan hiriko talde ugarik jotzen dute, mugimendua badago. Zentsura da egun musikaren munduan gehien entzuten den kontzeptuetako bat. Zerbait esan nahiko zenuke? Nik uste dut Kortaturen kanta gehienak ezin izango genituzkeela abestu gaur egun. Letra asko gorroto delitu izango ziren, kartzelan egongo ginen agian. Nire adineko musikariekin hitz egiten dudanean, musikaren panorama izutzeko modukoa dela esaten dugu, hondamendi bat.