Irunen euskarak bizi duen egoera "kaskarra" kezkatuta, eta egoera hori "iraultzeko" helburuarekin, Aitzondo euskara taldea sortu berri dute zenbait herritarrek.
Irungo zenbait gaztek sortu dute talde berria.
Azken asteetan, Irungo herritarren artean euskararen erabilerari bultzada emateko asmoarekin, Aitzondo Irungo euskara taldea osatu dute zenbait herritarrek. Gaur egin dute taldearen aurkezpen ofiziala, Irungo San Juan plazan. Bertan, Maite Lopez de Arbina eta Mikel Garcia taldeko kideek taldearen xehetasunak eman dituzte, eta datorren azarorako antolatu duten egitasmoaren berri ere eman dute.
Irunen euskarak bizi duen egoera “kaskarra” dela argudiatuta, egoera hori “iraultzeko” helburuarekin sortu dute taldea. Hirian euskararen alde lan egingo duen “eragile indartsu” baten beharra antzeman dute Aitzondoko kideek, eta joan den azaroan taldea osatzeari ekin zioten. Lau helburu nagusi zehaztu dituzte: Irungo euskararen egoeraren gainean hausnartu eta kontzientzia zabaltzea; Irungo euskaldunak aktibatu eta ahalduntzea; euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketak salatzea; eta euskaraz bizi nahi dutenei euskaraz bizi ahal izateko aukera bermatzen dela ziurtatzea, tartean, dauden legeak betearaziz edo Irunen hizkuntza politika egoki bat egiten eta gauzatzen dela ziurtatuz.
Aipatutako helburu horiek lortzeko, abiapuntu gisa, Euskaraldia egitasmoa jarriko dute martxan Irunen. Lopez de Arbinak adierazi duenez, “hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala” da Euskaraldia. Euskal Herri osoan jorratuko dute egitasmoa, eta herri guztietan, datorren azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte egingo dute. Horrela, hamaika egunez euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartuko dute herritarrek. Gertuko herrietan azken urteotan egin duten bezalaxe, Ahobizi eta Belarriprest moduan parte hartzeko aukera emango dute. Ahobiziak ahal duten guztietan euskaraz egiteko prest egongo direnak izango dira, eta Belarriprestak, berriz, euskaraz egiteko konpromisoa hartu gabe, euskaraz entzuten saiatuko dira, solaskideak euskaraz egitera animatuz.
Bilera, hilaren 14an
Egitasmorako hiriko zenbait eragileren babesa jaso dutela jakinarazi dute Aitzondotik. Era berean, Irungo Udalak ere Euskaraldian parte hartzeko konpromisoa hartu duela adierazi dute.
Euskaraldia prestatzeko bilera egingo dute hurrengo asteko larunbatean (hilak 14), 12:00etan, Palmera Montero guneko bigarren aretoan. Irundar guztiei luzatu diete bertaratzeko deia, eta aurretik iradokizunik bidali nahi izanez gero,
posta elektroniko batera bidal daitezke. Euskaraldiaz gain, bestelako egitasmo eta jarduerak ere egingo dituztela jakinarazi dute, baina orain azaro eta abendu bitarteko dinamika hori ondo eta denboraz landu nahi dutela adierazi dute.