Orain arte 1.706 sinadura bildu dituzte, eta 3.000ra iristeko asmoz, datorren asteburuan Artia auzoa bisitatuko dute boluntarioek.
3.000 sinadura bildu arte lanean jarraituko dute boluntarioek.
3.000 sinadura biltzea du helburu Irungo Hartu Hitza plataformak, azaroan egingo duten Herri Galdeketari babesa adierazteko. Orain arte, guztira, 1.706 sinadura bildu dituzte eta asteburuan ere hiriko kaleetan postuak ipiniko dituzte.
Datorren asteburuan oraindik bisitatu ez duten auzo batean izango dira boluntarioak: Artia. Igandean (hilak 25) 10:30tatik 12:30tara, Artiako eliza aurrean mahaia kokatuko dute. Auzoko bizilagun orori luzatu diote deialdia plataformatik, herri galdeketari babesa adierazteko.
Bestalde, larunbatean (hilak 24) azken asteetan ohiko bilakatu den bezala, Zabaltza plazan ere izango dira, 11:00etatik 13:30tara.
Joan den astean, ostegun eta ostiraleko pintxo potea baliatuz, 133 sinadura bildu zituzten eta larunbatean berriz, 180 Zabaltza plaza inguruan. Geroz eta gertuago dute helburua.